Berria

Amoniakoa, itsas garraioa deskarbonizatzeko

2024ko otsailaren 6a
Amoniaco para la descarbonización del transporte marítimo

"TECNALIAk proiektuaren kudeaketan parte hartzen du, baita amoniako-crackerren parte diren hidrogenoarekiko mintz selektiboak garatzen, eskalatzen eta karakterizatzen ere"

Nazioarteko hamaika erakundek, TECNALIAk koordinatuta, indarrak batu dituzte itsas garraioan amoniakoa erregai gisa erabiltzeko behar diren osagaiak garatzeko.

Energia bihurtzeko teknologia aurreratuak garatuko dira, mintz-erreaktore berritzaile baten bidez amoniakoa onboard (itsasontzian bertan) crackeatzean oinarrituak, APOLO proiektuaren esparruan. Amoniakotik energia lortzeak dakartzan erronkei heltzea eta amoniakoa crackeatzeko teknologia efiziente eta malgu bat garatzea du helburu ekimenak.

Mintz-erreaktoreen bidez amoniakotik bereiziz hidrogenoa lortzeko teknika bat da. Itsasontzietako erregai-pilekin eta barne-errekuntzako motorrekin konbinatuko da teknologia hori, itsas sektorearen deskarbonizazio osoari ekiteko.

TECNALIAk koordinatuko du ekimena, eta funtsezko zenbait osagai garatuko ditu.

TECNALIAk proiektuaren kudeaketan parte hartzen du, baita amoniako-crackerren parte diren H2-arekiko mintz selektiboak garatzen, eskalatzen eta karakterizatzen ere. Mintzen teknologia eta prozesuak areagotzeko taldearen helburua da kostuaren eta purutasunaren konbinazio egokia lortzea aplikazio bakoitzerako, paladiozko mintz fin eta sostengatuak garatuz eta karakterizatuz. Halaber, TECNALIAko Eraikinen eta Azpiegituren taldeak osasun- eta segurtasun-azterketak egingo dizkie proiektuan garatutako prototipoei.

APOLOk erraztu egiten du amoniakoaren energia-bihurketa itsas sektorean integratzeko bidea.

Ekimenaren helburua da itsasontzietarako amoniako-energia bihurtzeko sistema integratu baten bideragarritasuna eta egingarritasuna zehaztea. Azterlan bat egingo da funtsezko hobekuntzen hasierako ebaluazio bat emateko, ontzien oinarrizko diseinuan integratzearen erronka, onura eta inpaktuen azterketari heldutasuna eta ulermena gehitzeko.

Hala, APOLOk garraioaren eta energiaren aztarna ekologikoa minimizatu nahi du, itsas sektorean zentratuta. Hori lortzeko, funtsezko osagaiak garatu eta hobetuko dira (crackerra, erregai-gelaxka eta motorra), eta bizi-zikloaren ebaluazioa (LCA) erabiliko da produktuaren garapenaren zenbait etapatan.

Bi erakusketa-prototipo garatzea

Proiektuaren partzuergoa honako prototipo hauek garatzen zentratuko da:

  • 125 kW-eko energia bihurtzeko sistema bat; amoniako-crackeagailu bat eta PEM erregai-pilaren sistema bat (mintz elektrolitiko polimerikoa) erabiliko ditu, eta sistemaren % 51-% 54 bitarteko efizientzia orokorra lortuko du. Amoniako-crackeagailua zenbait presio-baldintzatan eta efizientzia-mailatan jardun ahal izateko egokituko da, hartara crackeatze-sistemaren malgutasuna ebaluatzeko PEM erregai-gelaxka mota guztietarako.
  • Lau aldiko motor bati akoplatutako 125 kW-eko amoniako-crackeagailu partzial bat, sistemaren % 45etik gorako efizientzia orokorra duena. Halaber, erredukzio katalitiko selektiboko sistema bat (SCR) garatuko da, motor berriaren ihes-hodiko nitrogeno oxidoen (NOX) emisioak deuseztatzeko. Horrela, itsas sektoreko garraioaren eta energiaren aztarna ekologikoa minimizatzen lagunduko da.

Partzuergoko kideak

Guztira, Europako 11 erakundek osatzen dute partzuergoa: Astander, Chalmers, Corvus Energy, Eindhoven University of Technology, Fertiberia, H2SITE, Johnson Matthey, LEC GmbH, Nuvera, TECNALIA eta 1Cube BV.