Berria

Azpiegitura berritzaile batek energia aurrezten du eta, haren bidez, gehiago erabiltzen dira energia berriztagarriak instalazioetan

2021ko abenduaren 17a
Colaboramos en un proyecto pionero de calefacción urbana en Euskadi

«Euskadin berritzailea den hiri-berokuntzako proiektu batean dihardugu lankidetzan»

Ertzaintzaren Iurretako basean martxan ipinitako RELaTED ekimenak tenperatura ultra baxuan banatzen du beroa hiri-berokuntzako berogailu batera

Azpiegitura berri horren bidez, energia aurreztuko da eta energia berriztagarrien erabilera hedatzen jarraituko da sektore publikoan. Era berean, erreferentzia izango da Euskadiko beste eremu batzuetan ere antzeko soluzioak aplikatzeko.

Josu Erkoreka lehendakariorde eta Segurtasuneko sailburuak eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumeneko sailburuak Iurretako Ertzaintzaren instalazioak bisitatu zituzten, eta bertatik bertara ikusi zituzten Europako RELaTED (Renewable Low Temperature District) ikerketa-proiektuaren emaitzak, zeinean Europako zortzi herrialdetako hamalau enpresak eta erakundek parte hartzen baitute.

Eusko Jaurlaritzak 813.630 euro inbertitu ditu egitasmo hori martxan ipintzeko, eta kolaboratzaile izan ditu Energiaren Euskal Erakundea, TECNALIA, Innometal, Taller de Comunicación aholkularitza-etxea eta NIBE, besteak beste. District heating edo hiri-berokuntza horrek tenperatura ultra baxuan jarduten du, eta etxeko ur beroa ez ezik berokuntza- eta hozte-sistema ere hornitzen dizkio Ertzaintzaren Iurretako konplexuari, zeina 14 eraikinez osaturik baitago.

Proiektu berritzailea eta aitzindaria da, eta, orain, sektoreko enpresei eta beste erakunde batzuei aurkeztuko zaie. Horri esker, frogatu dute banatu daitekeela beroa hiri-berokuntzako berogailu batera tenperatura ultra baxuan. Banaketa hori 35 gradu-zentigradutan egiten da, eta orain artean testatu gabeko abantailak eskaintzen ditu.

Segurtasun Sailaren jasangarritasunerako eta energia-efizientziarako ardatz estrategikoetako baten barruan gauzatua da egitasmo hori. 2022an, 6,7 milioi euro inbertituko dira eraikinetan eraberritze- eta birgaitze-lanak egiteko eta energia-efizientzia hobetzeko, guztia ere Nazio Batuen 2030eko Agendaren jasangarritasun-konpromisoen esparruan.

Aurtengo aurrekontuetan jasotako proiektu zehatzen artean, hauek nabarmendu behar dira: hiri-berokuntza hedatzea Berroziko instalazioetan, azpiegitura fotovoltaikoak instalatzea, ibilgailu elektrikoak kargatzeko puntuak jartzea, aire-girogailuak berritzea eta isolamendu termikoa jartzea energia aurrezteko.

Energia-efizientzia eta energia berriztagarri gehiago

Sistema hori martxan ipintzeak energia aurreztea eta instalazio horietan energia berriztagarrien erabilera areagotzea ekarriko du, eta, ahalegin horrekin, Jasangarritasunaren Euskal Legean ezarritakoa betetzen lagunduko du Jaurlaritzak. Arau horretan jasota dagoenez, euskal administrazioek energia-kontsumoa murriztea eta energia-jasangarritasuna areagotzea sustatu behar dute, baita ingurumena babestea eta energia-instalazio berriztagarriak ezartzea ere.

Azken ildo horri jarraikiz, energia berriztagarrien erabilerak % 350 egin du gora, eta, aldiz, murriztu egin da gas naturalaren kontsumoa. Elektrizitatearen kontsumoa ere murriztu egin da, bero-ponpa berriek askoz errendimendu handiagoa baitute (% 50 eta % 60 artean). Orobat, % 35 murriztu da atmosferara isuritako CO2-kantitatea. Alde ekonomikoari erreparaturik, zenbatesten da urtean 9.000 euro inguru aurreztuko dela.

Gakoa: bero-ponpak

Sareari lotutako bero-ponpak erabiltzea da proiektuaren gakoetako bat. Hiri-berokuntzan integratutako eraikin guztietan instalatu dira bero-ponpak. Bi norabidekoak izanik, zirkuituak berokuntza- eta hozte-sistema gisa funtzionatu ahal izango du.

Bero-ponpek banaketa-sareko uraren tenperatura igoko dute, tenperatura ultra baxutik, harik eta bulego edo gelak berotzeko behar den maila termikoa lortu arte. Bero-ponpek modu itzulgarrian funtziona dezaketenez, airea girotzeko ere baliatu ahalko dira hiri-berokuntzako instalazioak, geletako tenperatura hoztea behar den urte-sasoietan.