"Industria-jardueraren CO2-emisioak % 30 murriztea du helburu proiektuak"
Tenperatura altuko berotze hibrido elektrikoko teknologia aurreratuak garatzen ari gara siderometalurgiarako eta zementuaren industriarako
TECNALIA tenperatura altuko berotze hibrido elektrikoko teknologia aurreratuak garatzen ari da siderometalurgiarako eta zementuaren industriarako, erresistentzia elektrikoen, indukzioaren eta mikrouhinen teknologietan oinarrituta. Honako hauek hartzen ditu barnean garapenak: berotze-sistema aurreratuak diseinatu, simulatu, fabrikatu eta ebaluatzea, berotze-sistemen hibridazio adimenduna, eta erresistentzia elektriko berriak garatzea.
Horri esker, enpresek prozesu erabat elektrikoak erabili ahal izango dituzte gas naturalaren bidez berotzea oinarri duten prozesu termikoen ordez, eta, horrela, gas naturala erabiltzearekin lotutako CO2-emisioak ezabatu. Horrek % 30 murriztuko lituzke industria-jardueratik eratorritako emisioak.
Mundu mailan, energia-kontsumo osoaren % 42 eta CO2-emisio globalen bosten bat eragiten ditu industria-sektoreak, IEA Energiaren Nazioarteko Agentziaren arabera. Europar Batasunean, industria-prozesuetarako bero-eskariaren ia % 70erako erabiltzen da erregai fosilen errekuntza. Joera zertxobait murriztu da azken hiru hamarkadetan, baina bere horretan jarraitu du gas naturalaren kontsumoak.
Errekuntzan sortutako gasak berotzeko sistema gisa erabiltzen dira siderometalurgiako eta zementugintzako tenperatura altuko prozesuetan, eta zenbait estrategia garatzen ari dira CO2-emisioak minimizatzeko eta, aldi berean, sortzen dituzten produktuen kalitatea bermatzeko.
Zementuaren, siderurgiaren eta galdaketaren sektoreak
Ekimenaren lehen faseak zementuaren, siderurgiaren eta galdaketaren sektoreak ditu ardatz. “Helburu horiek lehia-abantaila nabariko egoeran jarriko dituzte EAEko enpresak, borborka ari den merkatu honetan”, adierazi du TECNALIAko ikerlari Iban Vicariok. “Gainera, nabarmentzekoa da proiektua bat datorrela Basque Net Zero Industrial Super Clusterrarekin (BNZISC), industria-jardueraren energia-kontsumoaren deskarbonizazioa bultzatuz zero emisio garbietarako trantsizioan aurrera egiteko”.
TECNALIAk koordinatzen du proiektua, eta Mondragon Unibertsitateak, EHUk, Sidenorrek, Tubacex Innovaciónek, eta EAEko eta Nafarroako Galdaketarien Elkarteak parte hartzen dute bertan. Proiektuak Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren laguntza du, Elkartek 2023 Programaren bidez.