Berria

Bideo-estentsometriaren abantailak materialen analisian

2022ko maiatzaren 26a
Ventajas de la video-extensiometría en el análisis de materiales

"Bideo-estentsometriak abantaila ugari eskaintzen ditu materialak analizatzeko eta haien fabrikazio-prozesuetarako"

Bideo-estentsometriak abantaila ugari eskaintzen ditu materialak analitzeko eta haien fabrikazio-prozesuetarako

Bideo-estentsometriak dimentsio-aldaketa minimoak zehaztea ahalbidetzen du, eta, horri esker, zabaldu egiten da materialen portaera mekanikoaren azterketa-esparrua, neurketa-sistema tradizionalekin alderatuta. Estentsometroaren bidez, saialdi osoan kontrola daiteke saiakuntza-abiadura. Horri esker, zorrotz bete daitezke saiakuntza-arau jakin batzuek eskatzen dituzten deformazio-abiadurak. Halako gaitasuna du estentsometroak datuak lortzeko, ezen aldaketa minimoak zehazten baititu materialen deformazioan; horri esker, duela zenbait urte pentsaezinak ziren azterketak egin daitezke orain.

Elastomeroekin eta plastikoekin ere gero eta saiakuntza gehiago egiten dira laborategian. Bideo-estentsometroak, alde batetik, bereizmen- eta doitasun-maila handia du ISO 527 edo ASTM D638 arauen arabera lan egiteko. Eta, bestetik, gai da hausturaren aurreko luzapenak, luzapen handiak edo haustura-luzapenak neurtzeko, hausturaren osteko luzapena zehazterik ez dagoen laginetan (kable finak, hariak, alanbreak...).

Era berean, oso interesgarria da fabrikazio aditiboaren bidez lortutako piezak karakterizatzeko eta ziurtatzeko duen gaitasuna. Bideo-estentsometroak "miniprobeten" saiakuntza mekanikoak kontrolatzeko aukera ematen du, dela saiakuntza mekanikorako berariaz fabrikatzen diren probeten kasuan –haietan material ugari aurrezten da–, dela zuzenean piezatik ateratakoetan edo ebaluatu beharreko dimentsio kritikoen antzeko neurrian fabrikatutakoetan. Hartara, arrisku txikiagoa izaten da saiakuntza-probetaren egitura eta aztertu beharreko osagaiarena bat ez etortzeko.

Ikerketa-lerro aurreratuak materialen, osagaien eta fabrikazio-prozesuen alorrean

TECNALIAren Saiakuntza Mekanikoen laborategian, azken belaunaldiko bideo-estentsometro bat daukagu beste zenbait bitartekoren artean. Hari esker, zehatz-mehatz egin ditzakegu askotariko azterketak: neke-saiakuntzak deformazio bidezko kontrolean, pitzadura-hazkundea aztertzeko saiakuntzak eta hausturaren mekanikari buruzkoak (aeroespazialerako eta beste zenbait sektoretarako), biomaterialen edo inplanteen karakterizazioa, osasun-sektorerako, edo zeharkako deformazioen neurketa zenbait propietate lortzeko, hala nola estrikzioa, Poissonen modulua edo xaflen enbutigarritasun-parametroak.