Berria

Biomasa erabilita erabilera industrialeko polimeroak fabrikatzeko aukera, gero eta gertuago

2020ko martxoaren 24a

VIPRISCAR ekimenak erakusten du posible dela estaldura industrialak, hot-melt itsasgarriak eta medikuntzarako produktuak fabrikatzea iturri berriztagarriak erabilita

Bioekonomia —baliabide biologiko berriztagarrien erabileran oinarrituta balio erantsiko produktuak sortzeko ekonomia— funtsezko kontzeptu bihurtu da garapen jasangarria lortzeko bidean. Izan ere, aukera ematen du gure gizartearen zenbait erronkari erantzuteko; esate baterako, erregai fosilen eta lehengai ez-berriztagarrien erabilera murrizteko.

Europako zenbait enpresak eta ikerketa-zentrok lankidetzan dihardute VIPRISCAR ekimenean, prozesu oso efiziente bat baliozkotzeko, zeinaren helburua baita aplikazio ugariko konposatu kimiko bat eskala industrialean fabrikatzea, lehengai berriztagarriak erabilita: isosorbida bis-metil karbonatoa (IBMC).

Berriki JOWATen instalazioetan egindako bilera batean, proiektua bultzatzen duen partzuergoak begi onez ikusi ditu proiektuaren martxa eta orain arteko emaitzak.

VIPRISCARek erreakzio- eta arazketa-prozesuak konbinatzen ditu, purutasun-maila desberdineko IBMC karbonatoa sortzeko (% 99eko purutasuneraino). Une honetan, 200 L-ko instalazio pilotu bat hasia da IBMCren lehenengo loteak fabrikatzen, eta 100 kg osatuko ditu datorren maiatzerako.

Aldi berean, IBMC oinarri hartuta, hasia da polimeroak ekoizteko prozesua. Aurrepolimero optimizatuak estalduretan erabiliko dira (automobilgintzan eta altzarigintzan), hot-melt itsasgarrietan eta aplikazio biomediokoetarako kateterretan.

Argibide gehiago

Partzuergoaren bilerari buruzko prentsa-oharra.

 

BBI JU Logo_official-short             BIC logo - high res            H2020 300ppp

 

Proiektu honek Bio Based Industries Joint Undertaking (JU)-ren finantziazioa lortu du, Europar Batasuneko H2020 ikerketa- eta berrikuntza-programaren baitan, 790440 zenbakiko diru-laguntzaren akordioari esker. Europar Batasuneko H2020 ikerketa- eta berrikuntza-programak eta Bio Based Industries Consortium-ek babesten dute JU.