Berria

Blockchain edo bloke-kateen teknologiako lehen laborategi industriala jarri du martxan TECNALIAk

2017ko urriaren 3a

Instalazioak aitzindariak dira Europan. Haietan, parte hartzeko sistemak eta bozkatze elektronikokoak probatu ahal izango dira, baita energia, fabrikazio edo automobilgintzako trazabilitate-sistemak ere

Bada hamarkada bat baino gehiago mundu digitala eta merkataritza-harremanak bereizezinak direla, eta orain badute zailtasun berri bat gainditzeko: prozedurak eta negozioak seguruagoak, gardenagoak eta eraginkorragoak izatea. Horretarako sortu da Blockchain edo bloke-kateen teknologia. Transakzio digitalen erregistro bat da, eta, erregistro horretan, informazioa aldaezina da. Ondorioz, sistema bera da prozesuaren “arbitro”, eta, hala, erraztu egiten dira bitartekari-kateko erlazioak. Horrenbestez, egiazkotasuna, segurtasuna eta gardentasuna eskaintzen ditu, eta, aldi berean, negozioen transakzioak bizkortzen ditu.

TECNALIAk bloke-kateak ikertzeko lehen laborategi industriala sortu du. Instalazioa aitzindaria da Europan, eta, han, enpresek beren erronka eta beharren inguruko probak egiteko aukera izango dute, frogantzak eta benetako arrakasta-kasuak ikusi, eta teknologia horrekin erlazionatutako soluzio teknologikoen eta negozio-ereduen saiakuntzak egin. Laborategi honetan, horrenbestez, parte hartzeko sistemak eta bozkatze elektronikokoak probatu ahal izango dira, baita energia, fabrikazio edo automobilgintzako trazabilitate-sistemak ere. Azkenik, soluzio teknologiko horiek martxan jarriko dira, enpresa-sarean txertatu ahal izateko.

Laborategi industrial hau Bizkaiko Teknologia Parkean dago eta hiru alorretako saiakuntzak egiteko aukera emango du, nagusiki: industria 4.0, sozioekonomia eta jabetza intelektualaren babesa. Hala, alor bakoitzean bloke-kateen inpaktua eta posibilitateak analizatzeko aukera ematen duten esperientzia pilotuak baliatuko ditu.

Informazio gehiago prentsa-oharra buruz