Berria

Buru gara klima-aldaketaren inpaktuen aurrean baso-eremuak kudeatzeko klima-zerbitzu berrien garapenean.

2021ko uztailaren 19a
Bosque

Klima-aldaketak ekonomia- eta ingurumen-inpaktu handiak eragiten ditu basogintzan, eta, horretaz gain, galerak eragiten ditu haren ekosistema-zerbitzuetan.

Europako Basogintza Institutuarekin, El Cubo Verde sarearekin eta Vizzuality agentziarekin elkarlanean dihardugu merkatu-azterlan batean, basogintzara bideratuta eta datu klimatikoetan oinarrituta dauden klima-zerbitzu berrien potentziala ebaluatzeko. Sarbide libreko eta doako aplikazio prototipo bat garatu da, Forest-Forward izenekoa; haren bidez, klima-aldaketak zuhaitz-espezieen banaketan dituen inpaktuak ezagutu ahal izango dituzte baso-kudeaketan eta -ustiapenean parte hartzen duten eragile guztiek.

Merkatu-azterketan, lurraren eta klimaren behaketako datuek basogintzan erabiltzeko zer potentzial duten ebaluatu da, eta, Copernicus-ek eskaintzen dituen Klima Aldaketari buruzko Zerbitzuak (C3S) ardatz hartuta, honako galdera hauei erantzun nahi izan zaie: Zenbateko eskaera du klima-zerbitzuen merkatuak? Zer premia dituzte basogintzako erabiltzaileek datu klimatikoak eta datu ez-klimatikoak integratzen dituzten zerbitzuei dagokienez?

Galdera horiei erantzuteko, kontsulta zabala egin da sektoreko eragileen artean; haietako batzuek klimari buruzko informazioa kontsumitzen dute, eta beste batzuek haren berri dute, besterik ez. Esparru askotara zuzendu da kontsulta, ustiategi pribatu txikietatik basogintzako estatuko enpresa handietaraino, eta hainbat arlo hartu ditu kontuan, hala nola genetika eta basoen leheneratzea, basoen kudeaketa, hondamendien kudeaketa, izurriteen kontrola eta hiriko basogintza. Haien beharrak jaso dira, inkesten, elkarrizketen eta gaikako lantegien bidez.

Zerbitzu berriak garatzeko aukerak

Hautemandako aukera interesgarrienak datu klimatikoak eta ez-klimatikoak integratzen dituzten zerbitzuen eskaeraren ingurukoak dira. Horrek agerian uzten du basogintzarako zer garrantzi handia duten lurrari eta atmosferari buruzko datuek eta datu sozioekonomikoek, eta Copernicusen datu-zerbitzuari aukera ematen dio bere programak konektatzen jarraitzeko, hala nola C3S, CAMS eta CLMS.

Forest Forward aplikazioa

Forest Forward aplikazioak mapa eta grafikoen bidez komunikatzen du informazioa; mapa eta grafiko horiek Copernicusen datu klimatikoen zerbitzuaren bidez (C3S) lortutako kalitate handiko datu zientifikoak sintetizatzen dituzte, eta datu horiek errazago atzitzen laguntzen dute. Forest-Forwardek hautematen du nola aldatuko den espezie baten habitat egokia, herrialde jakin batean.

Klima-aldaketak, basogintzan, eragina du uraren eskuragarritasunean, eta izurriteak eta gaixotasunak ugariarazten ditu. Horrek eragina du zuhaitzen hazkundean, espezie batzuen banaketan eta hilkortasunean. Arestiko muturreko gertaeren ondorioz (hala nola lehorteak eta muturreko bero-boladak), zuhaitz-masa gain behera etorri da, orokorrean, eta basogintzaren produktibitatea jaitsi da. Basoak karbono-biltegi garrantzitsuak dira. Lurreko lehorreko biodibertsitatearen zatirik handiena haietan dago, eta ekosistemarekin erlazionatutako zerbitzu ugari eskaintzen dituzte, hala nola ondasunen ekoizpena, aisialdia eta lurzoruaren eta uraren babesa.

Informazio gehiago

 *Azterlan hau Copernicusen Klima Aldaketaren Zerbitzuaren (Copernicus Climate Change Service - C3S) kontratu baten esparruan gauzatu da. C3S Europar Batasunaren Copernicus programaren sei zerbitzuetako bat da; Epe Ertaineko Meteorologia Aurreikuspenen Europako Zentroak (ECMWF, European Centre for Medium-Range Weather Forecasts ingelesez) inplementatu du, Europako Batzordearen ordezkari.