Berria

CO<sub>2</sub>-a atzitu eta balorizatzea Euskadin industrian erabiltzeko

2023ko apirilaren 28a
Industria valorización de CO2

“Europako Batzordeak anbizio handiko helburuak ezarri ditu berotegi-efektua eragiten duten gasen emisioak murrizteko 2050erako”

Industriako CO2-a atzitu eta balorizatzeko teknologia berritzaileak eta lehiakorrak ikertzen eta garatzen ditugu

Europako Batzordeak anbizio handiko helburuak ezarri ditu berotegi-efektua eragiten duten gasen (BEG) emisioak murrizteko 2050erako: CO2-aren emisio-mugak murriztuko dira, eta emisio-tasa handiena duten industriei zigor ekonomikoak ezarriko zaizkie. Atmosferan CO2-a murrizteko aukeretako bat da atzitzea eta, ondoren, balio erantsi handiko produktu bihurtzea, hala nola erregai.

Presio-oszilazio bidezko adsortzio-teknologietan (PSA-Pressure Swing Adsorption) erabilitako material adsorbatzaile berriak bilatu ditugu, baita gasak bereizteko mintzak fabrikatzeko material polimeriko berriak ere. Hondar-bero industriala ere aztertu dugu. Bero hori atzitze-prozesuetan bertan erabil daiteke, gaur egungo operazio-kostuak murrizteko.

Co2-aren balorizazioa

Bi prozesu katalitiko garatu dira, atzitutako CO2-a transformatzeko erreaktore miliegituratuetan oinarrituak. Alde batetik, CO2-emisioen kokaleku berean energetikoki baloriza daitekeen gas bat sortu da; hala, industrien energia-efizientzia hobetu liteke, eta, gainera, gas natural sintetiko hori sal liteke, egungo gas-azpiegitura aprobetxatuz. Bestalde, metanola lortu da.

CO2-a balorizatzeko beste bide bat hauetan sartzea izan da: hondakin alkalinoak, balorizazio energetikoko instalazioetako zepak, altzairugintzako zepak, eraikuntza- eta eraispen-hondakinak (EEH). Gaur egun, kantitate handietan sortzen dira Euskadin. Karbonatazio-teknologiaren bidez, haren propietateak hobetu dira, eta eraikuntza-sektorerako bigarren mailako lehengai gisa balorizatzea erraztu da, karbono-aztarna txikiagoa eta merkatu-posizio lehiakorragoa duten produktuak sortuz.

Bestalde, garapen guztiak ingurumena kontuan hartuta ebaluatu dira.

Enpresen lehiakortasuna hobetzea

Garatutako irtenbideek partzuergoa osatzen duten enpresen lehiakortasuna hobetzen dute, bai ekipoak eta teknologiak saltzeko gaitasun eta ezagutza berriak sortzen direlako, bai CO2-emisioak minimizatzen direlako, bai CO2-a atzitzearen bidez sortutako lehengaietatik abiatuta balio-kate berriak sortzen direlako.

LOWCO2 partzuergoa

Ekimena LOINTEKek koordinatzen du, eta hauek parte hartzen dute: zenbait erreferente industrial, hala nola CALCINOR, CEMENTOS LEMONA, PETRONOR, PREFABRICADOS ETXEBERRIA, SADER, TAMOIN eta ZABALGARBI; TECNALIA zentro teknologikoa; Bilboko Ingeniaritza Eskola (EHU); eta Aclima. Gainera, BANTEC aholkularitzaren laguntza jasotzen du.

Eusko Jaurlaritzaren HAZITEK 2019 programaren finantziazioa jaso du LOWCO2 proiektuak

Eusko Jaurlaritza