Berria

CO<sub>2</sub>-a erabiliz polimero biodegradagarri berriak ekoizten ditugu

2024ko maiatzaren 8a
Producimos nuevos polímeros biodegradables utilizando CO2

“GAIKER, EHU, BCMaterials, NEIKER, ACLIMA eta TECNALIAk enpresen lehiakortasuna zenbait alderditatik hobetzeko aukerak ekarriko dituzten ikerketa-lerroak ireki dituzte”

PREBIO2 proiektua, TECNALIA buru duela, CO2-emisioak eta biomasa lehengai gisa erabiliz polimero biodegradagarriak eta berriztagarri berriak garatzen laguntzen ari da.

Europar Batasunaren neutraltasun klimatikoa lortzeko, bidean dauden bi erronka handiri erantzuten die PREBIO2 proiektuak. Alde batetik, oinarri biologikoko plastiko biodegradagarri eta konpostagarriak agertzen ari dira gure eguneroko bizitzan, jatorri fosileko plastikoen alternatiba zirkular eta, baliabideen erabilerari dagokionez, efiziente gisa. Bestetik, CO2-a harrapatu, metatu eta lehengai gisa erabiltzeak nabarmen lagunduko du Europako trantsizio ekologikoko helburuak lortzen. Hori bereziki garrantzitsua izango da isurketak murriztea zaila den sektoreetan, hala nola zementuaren segmentuan eta hondakinen balorazio energetikoarenean.

CO2-arekin polikarbonatoak sintetizatzea

PREBIO2ren ardatz nagusia da, zehazki, ezagutza sortzea gai hauei buruz: CO2-tik abiatuta polikarbonatoak (plastiko-mota jakin bat) sintetizatzea, plastiko horien prozesatzea, eta plastiko horiek nekazaritzan, osasunean eta elektronika inprimatuan izan dezaketen erabilera. TECNALIAk polikarbonato-mota batzuk sortu ditu CO2-a erabiliz, eta, hala, aurrera egin du CO2-a lehengai gisa erabiltzeko eta CO2-aren zirkulartasuna lortzeko bidean.

Bestalde, adimen artifizialeko ereduak garatu ditu, monomeroen (polimeroak osatzen dituzten unitateen) egituraren arabera materialek zer ezaugarri makroskopiko izango dituzten iragartzeko. Garapen horiei esker, esperimentazio-denborak nabarmen murriztuko dira, eta horrek benetako iraultza ekarriko du material berrien diseinuan.

Halaber, garatutako materialen zitotoxikotasunik eza baliozkotu da, eta atea ireki zaio materialok osasunaren arloan erabiltzeari.

Euskal erakundeen arteko lankidetza

Ekimen honetan, erakunde hauekin lankidetzan aritu da TECNALIA: GAIKER, EHU, BCMaterials, NEIKER eta ACLIMA. Elkarrekin ireki dituzten ikerketa-lerroek enpresen lehiakortasuna zenbait alderditatik hobetzeko aukerak ekarriko dituzte: produktuen ekodiseinua, ekoizpen-prozesu jasangarriagoak, lehengai fosilen kontsumo txikiagoa eta CO2-aren zuzeneko emisio gutxiago.

PREBIOA2k Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Elkartek programaren finantziazioa jaso du.