“TECNALIA ari da koordinatzen PREBIO2 proiektua, aukera on bat Euskadirentzat (Basque) Green Dealen helburuetan aurrera egiteko”
Lehengai gisa CO2-a eta biomasa erabiltzen dituzten polimero biodegradagarri eta berriztagarriak
Plastiko-hondakinak eta CO2-emisioak ugaritzea da gaur egungo gizartearen erronkarik handienetako bat, ekonomia zirkular eta karbonotan neutro bateranzko trantsizioan. TECNALIA buru duen PReBIO2 ekimenak bi arazoetarako soluzio bat proposatzen du: lehengai gisa CO2-a eta biomasa erabiliz, polimero biodegradagarri eta berriztagarriak sortzea.
PReBIO2 oinarrizko ikerketako proiektuak —CO2-tik eratorritako Polikarbonato beRriztagarriak, BIOdegradagarriak eta BIObateragarriak EAEko sektore estrategikoentzat— zera du helburu: CO2-a eta biomasa erabiliz, polimero berriak garatzeko eta baliozkotzeko ezagutza sortzea. Polimeroek material jasangarriagoak erabili behar dituzte Euskadiko sektore estrategikoetan, hala nola nekazaritzan, osasunean eta industria adimendunean.
Materia berriztagarrietatik eta biomasatik eratorritako plastikoen ekoizpena urtez urte handitzen ari den arren, European Bioplastics (EUBP) elkartearen arabera, munduan ekoizten diren plastikoen % 1,5ek bakarrik du bio jatorria; Europan, portzentaje hori % 1,3koa da (txostena: Plastics, The Facts 2022).
Gaur egun ekoizten diren plastiko gehienen jatorria erregai fosilak izateak erronka bat dakarkio Europako plastikoen sektoreari: zero emisio garbia eta zirkulartasuna modu jasangarrian lortzea 2050erako.
Polikarbonato erabat berriztagarriak garatzea
PReBIO2k polikarbonato-gama berri bat garatu du, erabat berriztagarria; polikarbonatoak zenbait sektoretan aplikazio ugari dituzten polimeroak dira. Gaur egun, polikarbonato gehienak ez dira berriztagarriak, ez dira biodegradagarriak, eta A bisfenoletik (BPA) eratorriak dira. Substantzia horrek kezka sortzen du, giza osasunean izan dezakeen eragina dela eta (EFSA Food Safety Agency).
Merkatuan badira CO2-a duten polikarbonatoak, baina partzialki berriztagarriak baino ez dira, gainerako lehengaiak petroliotik baitatoz.
TECNALIAk, proiektua koordinatzeaz gain, polikarbonatoen sintesia gidatuko du: lehenik, monomero biooinarrituak sintetizatuko dira, eta, ondoren, CO2-arekin kopolimerizatuko dira polimeroak sortzeko.
Polikarbonato horiek lortu ondoren, haien formulazioa eta prozesatzeko teknikak aztertuko dira, zenbait material-mota lortzeko. Adibidez:
- Nekazaritzan plastiko biodegradagarri gisa erabiltzeko film eta pieza txikiak.
- Osasunaren esparruko zelula-kultiboetarako euskarriak.
- Sentsoreak sortzeko tinta funtzionalak.
Gainera, TECNALIAk adimen artifizialeko algoritmo bat garatuko du, sortutako polimeroen egitura haien propietateekin erlazionatuko duena, aplikazio bakoitzerako egitura egokiena identifikatzeko.
Green Dealen helburuetan aurrera egitea
PReBIO2 aukera ona da Euskadirentzat (Basque) Green Dealen helburuetan aurrera egiteko.
Euskal Autonomia Erkidegoko enpresei CO2-emisioak murrizten laguntzeaz gain, emisio horiek lehengai bihurtzeko aukera emango du. Tokiko biomasa erabiliko litzateke, eta, gainera, industriako lehengaien prezioen igoeraren eragin murrizten lagunduko luke. Sortzen diren polikarbonatoak berriztagarriak, biodegradagarriak, biobateragarriak eta ez-toxikoak izango dira, eta hainbat aukera eskainiko dituzte.
Hauek ari dira parte hartzen PReBIO2 proiektuan: GAIKER, EHU, BCMaterials, NEIKER, TECNALIA eta ACLIMA,.
PReBIO2 proiektuak 600.000 eurotik gorako aurrekontua du, eta 2 urteko iraupena. Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Sailaren Elkartek Lankidetza Ikerketarako laguntza-programaren finantziazioa jaso du.