Berria

Eremu-igorpeneko mikroskopio elektroniko berri bat eskuratuko dugu (FE-SEM)

2024ko maiatzaren 22a
Microscopio Eléctronico FE-SEM

"Baliabide berri honek areago indartuko du material berriak garatzea bultzatuko duten soluzio berritzaileak eskaintzeko dugun gaitasuna"

Materialak eskala nanometrikoan karakterizatzen dira bereizmen handiko gure FE-SEM mikroskopio elektronikoarekin

TECNALIAko materialografia-laborategiak eremu-igorpeneko mikroskopio elektroniko bat (FE-SEM) eskuratu du; bereziki egokia da gainazala karakterizatzeko eremu askotan, hala nola materialen zientzian, medikuntzan eta biologian…

FE-SEM abangoardiako tresna bat da, eta aukera ematen du aurrekaririk gabeko bereizmenarekin eskala nanometrikoko irudiak lortzeko.

  • Analisi erdikuantitatiboak abiadura handian egiteko gaitasuna duenez, ezinbesteko tresna da askotariko laginak karakterizatzeko, material metalikoak, ez-metalikoak eta beroarekiko sentikorrak diren materialak barne.
  • Mikroskopioak huts handiko eta huts txikiko konfigurazioa du, eta horrek erraztu egiten du lagin eroaleak zein ez-eroaleak aztertzea.
  • Azkenik, azelerazio-potentzial txikietan lan egin daiteke, eta, horri esker, beroaren aurrean sentikorrak diren laginak ikus daitezke, hala nola lagin biologikoak, mintzak eta konposizio arinak.

Eremu-igorpeneko mikroskopio elektronikoak (FE-SEM) material-aukera zabala azter dezake

  • Metalak eta aleazioak: altzairua, aluminioa, kobrea, titanioa, burdina eta nikela, besteak beste.
  • Zeramikak eta material zeramikoak: metal-oxidoak, zeramika aurreratuak, material erregogorrak, beirak…
  • Polimeroak eta material konposatuak: plastikoak, elastomeroak, zuntzez indartutako polimeroak, matrize polimerikoko konposatuak, erretxinak…
  • Material erdieroaleak: silizioa, germanioa, galio artseniuroa, galio nitruroa, material dopatuak…
  • Material biologikoak: zelulak, ehun biologikoak, birusak, bakterioak…
  • Material organikoak: konposatu organikoak, material sintetikoak, polimero organikoak…
  • Beroarekiko sentikorrak diren materialak: tenperatura altuekiko sentikorrak diren materialak, hala nola polimero termoplastikoak eta material organiko termoegonkorrak.
  • Material nanoegituratuak: nanopartikulak, karbono-nanohodiak, nanokonposatuak, eskala nanometrikoko dimentsioak dituzten materialak.

FE-SEM batekin lan egitearen abantailak

FE-SEM batekin lan egiteak abantaila nagusi hauek ditu: bereizmen espazial hobetua (energia altuko eta baxuko elektroi-sorta oso fokalizatua baitu), analisi-abiadura handiagoa eta lagin ez-metalikoei eta/edo beroarekiko sentikorrei analisiak egiteko aukera.

Azaleko akatsak identifikatzetik hasi eta materialen mikroegitura aztertzeraino, produktuen eta prozesuen garapenean erabaki informatuak hartzen laguntzen du FE-SEMak ematen duen ikuspegi xehatuak.

FE-SEMa gehitzearekin, TECNALIAk berretsi egin du materialen ikerketaren eta garapenaren arloko erronka konplexuenei aurre egiteko tresna aurreratuenak bezeroen eskura jartzeko duen konpromisoa.