Berria

Errealitate areagotuko plataforma: 5.0 industria ETEetan

2023ko otsailaren 13a
Foto SHOP4CF Industria 5_0 en Pymes

5.0 industria ETEetan

Errealitate areagotua (EA) eta errealitate birtuala (EB) industriaren lan-errutinetan integratzen ari dira, mantentze-zerbitzuak hobetzeko. Errealitate areagotuaren eta birtualaren erabilera eta irisgarritasuna indartzeko, TECNALIAk Europa osoko ETEentzako plataforma bat abiarazi du. Plataforma horrek, teknologia horien bidez, langileen lana erraztuko du, datuak modu konektatu eta eraginkorrean trukatzea ahalbidetuko baitu. Hala, 5.0 Industria sendotuko da.

Digitalizaziorako jauzia

Plataforma berritzaile horri esker, industria-enpresek digitalizaziorantz egiten dute jauzi. Izan ere, ingurune simulatuen erabilerak informazio gehiago eta langilearentzako ikaskuntza hobea eskaintzen ditu. Gaur egun, TECNALIAk Europako bi enpresatan aplikatzen ditu errealitate areagotuan eta errealitate birtualean oinarritutako bere garapenak: Siemens, Alemanian, eta Arcelik, Turkian.

Siemensen kasuan, errealitate areagotua erabiltzen ari da langileei abiadura-kaxak mihiztatzen lagunduko dieten eskuliburuak sortzeko. Mihiztatze hori beso robotiko baten laguntzarekin egiten da eta, beraz, gizakiak eta robotak elkarlanean egiten dituzte zenbait lan. TECNALIAk garatutako tresnak, eskuliburua zehazteaz gain, robotarekin komunikatzeko aukera ere ematen du, FIWARE aplikazioaren bidez. Aplikazio horrek robotaren eta langilearen zereginak sinkronizatzea ahalbidetzen du; hala, zeregin horiek arinagoak eta efizienteagoak bihurtzen dira.

Bestalde, Arcelik enpresa telelaguntza-funtzioak eskaintzeko ari da erabiltzen errealitate areagotua. Horrela, langileek garbigailu-danborren fabrikazioarekin lotutako gorabeherak konpon ditzakete. Leku desberdinetan dauden bi langilek gauza bera ikus dezakete telefono mugikor edo tablet baten bidez, eta jarraibideak parteka ditzakete errealitate areagotua erabiliz.

5.0 industria

Hori guztia aukera paregabea da industria-sarerako. TECNALIAk, bere esperientziari esker, eraldaketa digitalerako bidea aurkitzen lagundu die ehunka enpresa industriali, eta bide horretan haien bazkide teknologikoa izatera iritsi da.

Beraz, eraldaketa digitalerako eta 5.0 Industriarako bideari ekin nahi dion industria-enpresa bat bazara, gure langile adituekin harremanetan jar zaitezke gure webguneko harremanetarako formularioaren bidez.