“TECNALIAk energiaren balio-katearekin batera lan egiten du definitzeko zer teknologia zabaldu behar diren epe ertain eta luzean etorkizun deskarbonizatu bat lortzeko”
Energia-sistema azkar ari da aldatzen sistema deskarbonizatu baterantz, eta behar diren kalitatearekin eta segurtasunarekin jarraitu behar du energiaz hornitzen.
TECNALIAk energia termikoa biltegiratzeko sistema berritzaile baten plangintza energetikoan dihardu lanean; sistema sareko elektrizitatearen gehiegizko ekoizpenetik edo eraikinean instalatutako energia-iturri berriztagarrietatik kargatuko litzateke. Energia-plangintzak funtsezko zeregina du, aurre egin beharreko erronka baitu energia-hornidura bermatzea behar den eskariari erantzunez, ahalik eta kostu txikienekin eta etekin ekonomiko, sozial zein ingurumeneko handienekin.
Etorkizunari buruzko modelatze-tresnen bidez, energia-agertoki alternatiboak eraiki eta aztertzen ditugu, tokiko mailatik eskualdeko mailara bitartekoak; haietan, ebaluatzen dugu zer hedapen-potentzial duten teknologia energetiko berriek epe ertain eta luzean eta zer inpaktu izango dituzten energia-, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-eremuetan.
Besteak beste, honako alderdi hauei erantzun behar die gure energia-sistemak: energia sortzeko iturri berriztagarriak integratzea, energiaren elektrifikazioa, ibilgailu elektrikoak hedatzea, energia positiboko eraikinak integratzea eta kontsumitzailearen papera prosumitzailera aldatzea.
Ibilgailu elektrikoak hedatzea
Ibilgailu elektrikoak masiboki hedatzeak errotik aldatuko du energia-sistema. V2X kargako (vehicle-to-everything) teknologiek aukera ematen dute energia bi noranzkoetan transferitzeko ibilgailu elektrikoen, sarearen, etxeen edo eraikinen artean, eta energia biltegiratzeko sistema garrantzitsu bihurtzen dituzte ibilgailu elektrikoak.
Agertoki-azterketan oinarritutako maila anitzeko modelatze-azterlan bati esker, garatu ahal izan dugu ibilgailu elektrikoak masiboki hedatzeko estrategiak definitzeko metodologia bat.
iDesignRES ekimenak, bestalde, kode irekiko tresna-sorta bat eskainiko die sare elektrikoetako operadoreei eta agintari publikoei eskualde, estatu zein Europa mailan emisio gutxiko edo zero emisioko energia-iturriak gehitzeko prozesua planifikatzen eta optimizatzen laguntzeko.
Hiriak klima-neutraltasunerantz eraldatzea
- NeutralPathek erakutsiko du hiriak klima-neutraltasunerantz eraldatzeko soluzio errentagarri eta bideragarriak izan daitezkeela energia garbi eta positiboko barrutiak (PCED), lankidetza-ikuspegien arabera eta herritarrak ardatz dituztela diseinatu eta ezartzen badira.
- Ekimen horren esparruan, ENERKAD izeneko tresna bat zabalduko da; gaur egun, aukera ematen du eraikinen energia-diagnostikoak egiteko eta hiri-agertokiak sortu eta alderatzeko (epe ertain eta luzera hobetu daitezen). Bertsio berriak energia-moduluak eta klima-aldaketara, airearen kalitatera eta zaratara egokitzeko alderdiak garatu eta integratuko ditu, eta, horiei esker, Hiriaren Biki Digital bat aurrekonfiguratu ahal izango da.
Deskribatutako garapenak ekimen hauen esparruan egiten ari dira: ECHO, DRIVE2X, IDESIGNRES eta NEUTRALPATH. Haiek Europar Batasunaren ikerketako eta berrikuntzako Horizon Europe programaren finantzaketa jaso dute, 101096368, 101056934, 101095849 eta 101096753 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.