“TECNALIAk tresna-kutxa berritzaile bat garatu du klima-aldaketara egokitzeko ikuspegiak eta ibilbide-orriak eraikitzeko”
Europako alderdi interesdun nagusiek bat egin dute EBko Klima Aldaketara Egokitzeko Misioa ezartzeko
TECNALIAk eraldaketa egokitzeko ibilbide-orrien eta ikuspegien formulazioan parte hartzen du klima-aldaketaren erronkei aurre egiteko. Gainera, beraren ardura da tresna-kutxa bat sortzea erakundeak hornitzeko, trantsizio hori errazago egin dezaten eta klima-aldaketaren inpaktuei aurre egiteko laguntza izan dezaten.
Pathways2Resilience da, eta gutxienez Europako 100 eskualde eta erkidegotan klima-aldaketaren erresilientziarako eraldaketa azkartzeko diseinatu da.
Pathways2Resilience toolbox tresna-kutxa
Pathways2Resilience toolbox tresna-kutxak hainbat metodo, prozesu eta tresna praktiko berritzaile eskainiko ditu, funtsezko zenbait sistema komunitario eraldatzeko: azpiegitura kritikoak, osasuna eta ongizatea, uraren kudeaketa, lurzoruaren erabilerak eta nekazaritza-sistemak eta ekosistemak eta naturan oinarritutako soluzioak.
Tresna-kutxaren helburua da eskualdeak erresilientziara bideratzea, urratsez urrats, gida baten bidez. Gida horretan, zenbait testuinguru eta heldutasun-mailatara egokitutako erabakiak hartzeko metodologiak, jarraibideak eta tresnak jasoko dira. Arreta berezia jarriko da elementu malgu eta moldagarriak ematen, behar desberdinei erantzun ahal izateko. Tresna-kutxak egokitze-aukera egokiak ezagutzen, aukeratzen eta aplikatzen lagunduko die eskualde eta erkidegoei.
Klima Aldaketara Egokitzeko Ikuspegia inplementatzea
EBko klima-aldaketara egokitzeko misioa ezartzeko sortua da Pathways2Resilience, eta berrikuntza sistemiko bat proposatzen du, eta eskualde eta erkidego guztietan eta haietako ekosistemetan erresilientzia klimatikoa modu efizienteagoan indartzea bultzatzen du.
Ekimenak Europako 100 eskualde eta erkidegori baino gehiagori lagunduko die ibilbide-orriak, planak eta berrikuntza-agendak diseinatzen, 2030erako klimari dagokionez erresilienteagoak izan daitezen. Horrela, klima-aldaketara egokitzeko misioaren hiru helburuak lortzen lagunduko da:
- Erresilientzia klimatikorako prestaketa eta plangintza
- Erresilientzia klimatikoranzko eraldaketak bizkortzea
- Bidea zabaltzea, erresilientzia klimatikoranzko eraldaketak erakusteko
Klima-krisiak ondorio nabarmenak ditu dagoeneko Europako eguneroko bizitzan. Klima-aldaketara egokitzea eta erresilientzia klimatikoa sortzea ezinbestekoa da aurrera egiten jarraitzeko. Egoera hori izanik, eskualdeek eta erkidegoek zeregin garrantzitsua dute aldaketa azkar eta irismen handiko bat ahalbidetzeko. Eskualdeen Batzordearen arabera, klima-aldaketara egokitzeko neurrien % 90 tokiko eta eskualdeko agintariek hartzen dituzte gaur egun.
Pathways2Resilience-ko partzuergoa
Ekimenaren koordinatzailea EIT Climate-KIC da, eta 10 herrialdetako 14 bazkide ditu; tartean, TECNALIA.
Pathwhur2Resilience bazkideen esperientzia eta ezagutza zabalean oinarritzen da, haiei esker Europa osoko zenbait eskualdetarako sarbidea baitu.
Proiektu honek Europar Batasunaren Europa Horizontea ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantzaketa jaso du 101093942 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.