“Material baten eguzki-erreflektantziaren indizea zehazteari esker, hiriko beroaren uharte-efektua arintzeko duen gaitasunaren arabera sailkatzeko aukera dago”
COSENTINOk TECNALIAri esleitu dizkio fatxada aireztatuetarako DEKTON® panelen karakterizazio optikoko entseguak, etorkizuneko hirietako jasangarritasunari eta energia-efizientziari laguntzeko helburuarekin
COSENTINOk badaki hiri-inguruneetarako produktu jasangarri eta osasungarriak eskaini beharra dagoela. Horregatik, TECNALIAri eskatu dio DEKTON® panelen karakterizazio optikoa egiteko. Bizi-ziklo osoan karbonoarekiko neutroa den produktu bat da, fatxada aireztatuak estaltzeko erabiliko dena. (Cosentino Global SLUren marka erregistratua da DEKTON®)
COSENTINOk baditu dagoeneko DEKTON® ZENITH, AERIS, REM, HALO eta ARIANE paneletako eguzki-erreflektantziaren indizeak (SRI).
Entseguen bidez material baten eguzki-erreflektantziaren indizea (SRI) zehaztuta, hiriko beroaren uharte-efektua arintzeko duen gaitasunaren arabera sailka daiteke material hori. Eraikuntza-materialen eta -produktuen fabrikatzaileen egungo erronka bat da hiri-inguruneetan eta eraikinetan ezartzen diren elementu eta material inorganikoak gutxiago berotzea eguzki-erradiazioa jasotzean.
Fatxada aireztatuetarako DEKTON® panelen SRI entseguak
Hauek dira mota honetako produktuak garatu, karakterizatu eta saltzeak sortzen dituen onura nagusiak:
- Fabrikatzaileei, agindu-emaileei, arkitektoei eta ingurune eta eraikin jasangarrien diseinuan eta garapenean lan egiten duten aholkulariei erraztu egiten zaie eraikuntza-proiektu bakoitzerako material egokia hautatzeko prozesua.
- Pertsonen erosotasuna handitu egiten da eraikinak freskoago izanda; horri esker, energia-eskaera gutxitu egiten da, eta horrek energia aurreztea dakar.
- Eraikinek eta gainazalek bero gutxiago xurgatzen dute eta airearen tenperatura jaitsi egiten da.
- Hobetu egiten da sare elektrikoaren egonkortasuna eta jaitsi egiten dira energia-eskaeraren puntu gorenak, urteko garai beroenetan aire girotua erabiltzeko beharra gutxitu egiten delako.
- Airearen kalitatea hobetzen da: kanpoko airearen tenperatura jaisten denez, erregai fosilen bidez sortutako elektrizitate gutxiago behar da airea girotzeko, eta, ondorioz, horrekin lotutako emisioak txikiagoak dira; horrez gain, smog gutxiago sortzen da.
TECNALIAren optika-laborategiak eraikuntza-sektoreko balio-kate osoaren esku jartzen du karakterizazio optikoaren eremuan duen ezagutza eta esperientzia zabala, materialen ezaugarriak karakterizatzen eta ezaugarri horiek hobetzen laguntzeko, eta, hala, etorkizuneko hirien jasangarritasuna hobetzen laguntzeko.