Berria

Formula Student Bizkaiak eserleku bakarreko FSB2023 ibilgailua aurkeztu du

2023ko uztailaren 6a
Formula Student Bilbao - tecnalia

“Formula Student Bizkaiak eserleku bakarreko FSB2023 ibilgailua aurkeztu du; harekin, Formula Student lasterketetan lehiatuko da berriro ere, Silverstone zirkuituan (FSUK) eta Montmelón (FSS)”.

Formula Student Bizkaiak lan-munduari hurbiltzen zaion esperientzia bat eskaintzen du, erronka bati helduz: eserleku bakarreko ibilgailu bat egitea, lehiatzeko

Formula Student Bizkaia 60 ikaslez eta hiru irakaslez osatutako talde bat da, eta haien helburua lan-munduari gerturatzen zaion esperientzia bat eskaintzea da, erronka bati helduz: eserleku bakarreko ibilgailu bat egitea, lehiatzeko. Proiektuan, “Enpresa unibertsitatean” deritzon metodologia propioa erabiltzen dute, eta, horri esker, gai teknikoetan trebatzeaz gain, taldekideek zeharkako abileziak ere lantzen dituzte; besteak beste, taldean lan egitea, arazoak kudeatzea eta jasangarritasuna.

Ikasle batzuek eserleku bakarreko ibilgailu elektriko bat sortu dute

Aurkeztu duten FSB2023 ibilgailua formulako ibilgailu elektriko baten prototipo bat da, eta esekidura banandua du, push-rod motakoa. Pack aerodinamiko iraultzaile bat du, simulazio fluidodinamikoa (CFD) erabiliz testatu dena, eta kurbak ezin hobeto hartzeko aukera ematen dio.

Erabateko propultsio-sistema du (AWD)—hots, motor bat du gurpil bakoitzean—, eta, beraz, autoaren trakzioa modu optimoan banatzen da egoera guztietan. Hori guztia elikatzeko, bateriak kudeatzeko sistema berritzaile bat erabiltzen dute, 141,6 kW-erainoko (190 ZP) potentzia ematen duena. Hala, eserleku bakarreko ibilgailu arin honek (220 kg) lasterketetako erresistentzia-zirkuitua osatzen duten 22 birak egin ditzake.

FSB2023 ibilgailua diseinatzeko, ikasturte oso bat behar izan dute. Bitarte horretan, ikasleek ingeniaritzako proiektu baten etapa guztiak egin dituzte: diseinatzea, fabrikatzea, muntatzea eta, azkenik, pistan testatzea. Proiektua osatzen duten 60 ikasleek enpresa baten egitura funtzionalari jarraitu diote elkarren artean antolatzeko.

TECNALIAk proiektuan parte hartu du taldearen babesle gisa, eta aholkuak eman dizkie ikasturte osoan zehar

FSB2023 ibilgailua mundu osoko 100 unibertsitaterekin baino gehiagorekin lehiatuko da Formula Student lasterketetan, Silverstone zirkuituan, aurtengo uztailaren 19tik 23ra bitartean, eta Bartzelona-Katalunia zirkuituan, abuztuaren 6tik 12ra bitartean.

Prototipo berri horren erronka 2022ko emaitza onak gainditzea da, hainbat probatan hamar onenen artean gelditzea lortu baitzuen taldeak. Batetik, laugarren geratu zen diseinuari buruzko ekitaldian, non lehiaketako epaileek ibilgailuaren diseinua eta diseinu hori defendatzeko taldekideek erakusten duten ezagutza ebaluatzen baitute.

Bestetik, taldea seigarren gelditu zen kostuen eta iraunkortasunaren proban, non proiektuaren kudeaketa ekonomikoa, fabrikazioa eta jasangarritasuna defendatu baitzituen. Azkenik, laugarren gelditu zen, orobat, negozio-ereduaren proban. Hartan, taldeak enpresa batek ibilgailua merkaturatzeko izango lukeen bideragarritasuna aurkeztu zuen.