“Hozte-ekipo berritzaile hau alternatiba jasangarria da Kantauriko baxurako arrantza-ontzien hozte-instalazioetarako”
Frigolan eta TECNALIA hozte-ekipo berritzaile bat garatzen ari dira baxurako arrantza-ontzietarako; CO2-a erabiltzen du hozgarri natural gisa, fluido sintetikoen ordez, oso kutsagarriak baitira.
Baxurako arrantza-ontziek hozte-ekipoak dituzte gaur egun. Izotza ekoizteko, ontzi horiek HFCak erabiltzen dituzte: fluido sintetikoak dira, oso kutsagarriak; murrizten ari dira, eta 2030erako kenduko dira. Horregatik, Frigolan eta TECNALIA elkarlanean ari dira CO2-a hozgarri natural gisa erabiltzen duen ekipo berritzaile bat diseinatzen.
Ekipoa probatzea eta optimizatzea
TECNALIAko sistema termikoen taldeak, diseinu- eta baliozkotze-fase baten ondoren, prototipo bat fabrikatu du hautatutako osagaiak baliozkotzeko, lubrifikatzaile egokia hautatzeko eta hozgarri-karga optimoa doitzeko. Halaber, sistemaren funtzionamenduaren eta segurtasunaren kontrola egiaztatu du, eta ekipoaren errendimendu energetikoa optimizatu du, ur hotzetako eta 32 °C-rainoko ur epeletako nabigazioa emulatuz.
Hala, denbora laburrean probatu ahal izan da ekipoa, baldintza nominaletan zein muturrekoetan, eta egiaztatu da sortutako izotzaren kalitatea hoberena dela.
Arrantza-ontzien hozte-instalazioetarako alternatiba jasangarria
Frigolanek hozgarri naturalak erabiltzeko duen konpromisoaren ondorioa da soluzio hau. Frigolanek alternatiba jasangarri bat bilatzen zuen Kantauriko baxurako itsasontzietako hozte-instalazioetarako.
Lankidetza horren ondorioz, hozte industrialean aditua den enpresak lehen urratsa egin du: CO2-a hozgarri gisa inplementatu du hogei bat izotz-makinatan. Makina horiek probatu egin dira, eta dagoeneko martxan daude ontzietan.