Berria

Fusio nuklearraren inguruan lanean ari gara, energia-iturri garbi eta jasangarri gisa erabiltzeko

2022ko urtarrilaren 27a
Tubos calorímetros soldados

"ITER nazioarteko lankidetza zientifiko bat da, eta energia-iturri jasangarri, garbi eta merke agorrezin bat lortzea du helburu"

Txina, Europar Batasuna, India, Japonia, Hego Korea, Errusia eta Estatu Batuak batera ari dira lanean munduko fusio nuklearreko erreaktore esperimental handiena eraikitzeko

ITER eskala handiko nazioarteko lankidetza zientifiko bat da, eta fusio nuklearrak energia-iturri gisa duen bideragarritasuna frogatzeko eta fusio-energia bidez elektrizitatea ekoizteko lehenengo instalazioa diseinatzeko eta martxan jartzeko beharrezko datuak biltzeko helburua du. Duela gutxi arrakastaz gainditu dira osagai batzuen arteko lotura kritikoak baliozkotzeko probak; TECNALIAk proba horietan parte hartu du.

Osagai integratuen arteko loturak definitzea, gauzatzea eta baliozkotzea

TECNALIA aktiboki ari da ITER proiektuan parte hartzen, AVSrekin batera. Zehazki, hau da TECNALIAren eginkizuna, MITICA ekimenaren barruan: plasma-iturria erreaktore nagusiarekin konektatzen duten hiru elementu kritikotan —neutralizatzailea (NED), kalorimetroa (CAL) eta hondar-ioien biltegiratzailea (ERID)— integratutako osagaien arteko loturak definitzea, gauzatzea eta baliozkotzea. Era honetako loturak dira: fusio bidezkoak, energia handiko sorta bidezkoak eta soldadura gogor bidezkoak.

Arrakastaz gainditu dira duela gutxi baliozkotze-probak, eta, hala, ekipamenduaren parte kritikoak fabrikatzeko prestaketa-lanak gainbegiratzeko lehenengo etapa bukatu da.

Hodiak soldadura bidez lotzea

Besteak beste, fabrikatutako lehenengo hodi kalorimetrikoen dimentsioak egiaztatu dira, instalazio horretan funtsezkoa baita hodiak soldadura bidez lotzea. TECNALIAko adituek askotariko materialak eta hondar-ioi elektrostatikoak isurtzeko isolagailu zeramikoak lotzeko duten know-howaren ekarpena funtsezkoa izan da prozesuan.