Berria

Gure nanozelulosa-laborategia handitu dugu, nanozelulosak industrian duen erabilera indartzeko

2021ko martxoaren 30a
Instalaciones nuevo laboratorio nanocelulosa

Azken belaunaldiko teknologiak erabiltzen ditugu elikadura automatizatuko sistema batekin batera

Gure nanozelulosa-laborategia (Azpeitia) handitu dugu, eta azken belaunaldiko teknologiak sartu ditugu. Hala, zelulosazko zuntzak eta nanozuntzak ekoizteko elikadura automatizatua duen erdi-pilotu eskalako instalazio bihurtu dugu, eta bakarra da Espainian.

Álvaro Tejado TECNALIAko nanozelulosaren lerroko ikertzaile liderrak hau esan du: “Askotariko zelulosa-materialak erabiltzen ditugu lehengai gisa, hala nola zuntz birjina, zuntz tratatua eta industriako hondakinak. Era guztietako zuntzak (mikro, nano) eta funtzioak diseinatzen eta garatzen ditugu, zuntzei balioa emateko, zuntzok erabiltzeko eta hainbat erabilera eta sektoretarako baliozkotzeko, metodo mekanikoen bidez. Adibidez, sektore hauetarako: papera eta kartoia, pintura eta estaldurak, itsasgarriak, bilgarriak, zementuak eta morteroak, eta konpositeak. Zuntz horiek, gainera, tratamendu kimikoekin edo entzimatikoekin osa daitezke”.

Kantitate handiak tratatzeko, automatizazio-sistema berri bat du laborategiak, sektorean aitzindari den teknologiarekin konbinatua, hala nola Masuko makinarekin. Masuko makinak zelulosa-mikrozuntzak eta -nanozuntzak egiten ditu zelulosa-zuntzen ur-suspentsio batetik abiatuta, suspentsio horren jatorria dena dela.

Nanozelulosa: biomaterial berriztagarri, biobateragarri eta biodegragarria

Nanozelulosa biomaterialen familia bat da, eta zuhaitzen eta landareen zelulosa-zuntzetan dago, nagusiki. Nanoegitura horiek bakartzea lortu zenetik, gero eta interes handiagoa piztu dute, aplikazio askotan erabiltzeko ahalmen handia dutelako. Moldakortasun hori zuntz horien propietate fisiko eta kimikoetan datza; material berriztagarri, biobateragarri eta biodegradagarria denez, erreaktibotasun handia du.

Funtzionalitate-aukera zabala ematen du; propietate mekaniko intrintseko altuak ditu, eta sare interkonektatuak eratu ditzake; nahaste baten erreologia aldatzeko ahalmena du (lodigarri gisa), eta, harekin, material garden nahiz zeharrargiak eta oxigenoarekiko hesi-propietateak dituztenak lor daitezke.

Europan, hazten ari da bioekonomiaren sektorea, eta negozio-aukera handiak ditu, merkatu tradizionaletan bereziki (adibidez, paperaren eta zuntzaren merkatuetan). Potentzial handia du bilgarrien sektorean (izan elikagaigintzan, izan industrian), gero eta interes handiagoa dagoelako petroliotik eratorritako plastikoak aukera bioeratorri, biodegradagarri eta konpostagarriekin ordezteko.

Informazio gehiago

TECNALIAn duela 10 urte inguru hasi ginen nanozelulosa erauzten eta hari balioa ematen. Biomaterial hau industria mailan erabiltzea sustatzen dugu, eta lankidetzan aritzen gara bai zelulosa-zuntz asko duten hondakinak sortzen dituzten enpresekin eta bai oinarri biologikoko materialak erabiliz beren produktuen zirkulartasuna eta jasangarritasuna hobetu nahi dituzten material-fabrikatzaileekin.