Finantziazioari esker, azkartu egingo da mintz-erreaktoreen eta mintz bidezko bereizketa-teknologien eskalatze-prozesua. Teknologia horiek erabiltzen ditu H2SITE enpresak, erregai-piletarako moduko purutasuna duen hidrogenoa erauzteko amoniakotik, metanoletik, hondakinetatik edo gas naturalaren garraio- eta banaketa-azpiegiturako gas-nahasteetatik.
Eragiketan, honako hauek hartu dute parte: Breakthrough Energy Ventures, Equinor Ventures, Engie New Ventures, TECNALIA, Euskal herriko Arrisku Kapitala (EHAK) eta Seed Capital Bizkaia (SCB)
H2SITE enpresa deep tech startup bat da, hidrogenoa in situ ekoizten aitzindari dena, eta 12,5 milioi euro bildu ditu A Serieko finantziazio-itzuli batean, Breakthrough Energy Ventures (BEV) erakundearen gidaritzapean. Eragiketan, beste hauek ere parte hartu dute: Equinor Ventures, ENGIE New Ventures, TECNALIA eta Euskadiko inbertitzaile instituzional batzuk, hala nola Euskal herriko Arrisku Kapitala (EHAK) eta Seed Capital Bizkaia (SCB).
Finantziazioari esker, azkartu egingo da mintz-erreaktoreen eta mintz bidezko bereizketa-teknologiaren eskalatze-prozesua. Teknologia horiek erabiltzen ditu H2SITE enpresak, erregai-piletarako moduko purutasuna duen hidrogenoa erauzteko amoniakotik, metanoletik, hondakinetatik edo gas naturalaren garraio- eta banaketa-azpiegiturako gas-nahasteetatik. Era berean, H2SITEk mintzak fabrikatzeko duen gaitasuna handituko du: munduan parekorik ez duen mintz-fabrika bat ezarriko du Espainiako iparraldean.
“Arreta handia eskaintzen zaio hidrogenoa sortzeko kostuak murrizteari, baina ez hainbestekoa hidrogeno hori garraiatzeko kostuak murrizteari. Hidrogenoa garraiatzea eginkizun konplexua da, molekula txikia eta atxikitzen zaila baita. Gaur egun, konprimatu, biltegiratu, deskonprimatu eta garraiatu egiten da, baina soluzio hori ez da efizientea ekonomiaren eta ingurumenaren ikuspegietatik begiratuta”, dio Andrés Galnares H2SITEko CEOak.
TECNALIA, teknologiaren garatzailea
TECNALIAk, Espainiako ikerketa-zentro pribatu handienak, eta Eindhoveneko Unibertsitate Teknikoak (TUe) duela 13 urte erreparatu zioten egoera horri. Hori dela eta, mintz-erreaktore aurreratuak garatu zituzten: mintz bereziak ezartzen dituzte prozesu-etapa bakarreko erreaktoreetan, kostu txikiko hidrogeno berriztagarria sortzeko. CRIGENek, ENGIEren I+G entitateak, erreaktorearen bertsio komertziala garatzen lagundu zuen. Jabetza intelektuala, berriz, H2SITEri eman zitzaion teknologia garatu eta merkaturatzeko.
Harrezkero, H2SITEk hidrogenoa in situ ekoizteko eta bereizteko unitate horiek garatu ditu. Bi geruzako mintz ez-organikoek balio-bizitza luzea dute: prozesu-unitateetan integratuta geratzen dira, hidrogeno-eramaileak apurtu ditzakete eta nahasteetako hidrogenoa bereizi dezakete gas naturalaren azpiegituran bertan, edo purifikatu berariazko azpiegitura batean.
“Hidrogenoak aukera asko eskaintzen ditu ekonomiaren arlo asko deskarbonizatzeko, baina garraioak erronka izaten jarraitzen du, eta ez makala. H2SITEk garraioaren arazoa konpontzen duen soluzio bat garatu du, izugarri bizkortuko duena hidrogenoa lehendik dauden hodietan ezartzeko aukera; horrek, era berean, aukera emango luke milaka milioi dolar aurrezteko azpiegitura-kostuetan”, adierazi du Breakthrough Energy Ventures-eko Carmichael Robertsek.
Hazkunde komertziala eta jasangarria
H2SITEk merkataritza-trakzio handia duela erakutsi du 2022an. Hain zuzen, tankera honetako proiektuak esleitu zaizkio duela gutxi: amoniakoa H2 bihurtzea Birminghameko (Ingalaterra) autobus-flotarako, biogasa H2 bihurtzea Espainia eta Frantziako zenbait hidrogeno-zerbitzugunetarako, eta H2-aren eta gas naturalaren arteko nahasteak bereizteko zenbait proiektu egitea eraikitze-fasean dauden gas-garraioko azpiegituretan.
“H2SITEren bidaia hasi zenetik, lehen inbertsoreetako bat izan da ENGIE New Ventures, eta konpromisoa erakutsi du teknologia horren garapenarekiko, etorkizun handikoa baita eta aukera asko baititu industriari eta mugikortasun-beharrei soluzio jasangarri eta efizienteagoak eskaintzeko. Inbertsio horren bidez, gainera, ENGIEren zenbait proiektu komertzial garatu ahal izan ziren H2ko zerbitzuguneetan H2SITEren teknologia berritzailea erabiliz”, azpimarratu du Johann Boukhors ENGIE New Ventures-eko zuzendari nagusiak.
BNEFen New Energy Outlook 2021en arabera, “agertoki berdeak” 1.300 milioi tona H2 beharko ditu zero garbia lortzeko. H2-eramaileekin kopuru horren % 10 bakarrik bereizi edo garraiatuko balitz batez beste 0,5 USD/kg-ko kostuarekin, urtean 50 mila milioi USD baino gehiagokoa izango litzateke merkatuaren tamaina 2050erako. H2SITEk gaurdanik ematen du aukera bereizketa-kostu horiek lortzeko, eta are gehiago murriztuko ditu etorkizunean.
“Equinor-ek hidrogeno garbia lortzeko interes handia du, eta Equinor Ventures-ek hidrogenoaren balio-kate berriak garatzeko teknologietan inbertitzen du”, baieztatu du Gareth Burns Equinor Ventures-en zuzendariak. “H2SITEk garatu dituen teknologia berritzaileei esker, gas naturalerako orain dagoen azpiegitura balia daiteke azken erabiltzaileari hidrogeno garbia eramateko. Soluzio horiek Equinor-en etorkizuneko hidrogeno-proiektuetan zuzenean aplikatzeko aukera dute, eta espero dut teknologia are gehiago garatu eta ezartzea”, erantsi du.
“H2SITE bikaintasuneko ikerketen konbinazio paregabe bat da, batez ere Europako Batzordearen esparru-programek finantzatua. Eta hauek dira emaitzak: azken belaunaldiko mintz-erreaktoreen teknologia bat, TECNALIAk eta TUe-k garatua; enpresa arloko “A talde” erabakigarri bat; munduko deskarbonizazioaren alorreko kapital adimentsu onenetako batzuk, laguntza publiko handia dutenak, finantziazio-itzulian euskal lurraldeko eta Bizkaiko eskualdeko funts burujabe batzuek parte hartuta (EHAK eta SCB, hurrenez hurren). Horren guztiaren ondorioz, enpresa gazela bat sortu da, talentu onenak bildu dituena eta eskualde mailako hornikuntza-kate bat atxiki duena. Hori da TECNALIA Ventures-ek teknologia sakoneko enpresak sortzeko sustatzen duen ahalegina, deskarbonizazioaren erronka globalaren buru izateko Europak duen potentziala garatzeko”, baieztatu du Asier Rufinok, Tecnalia Ventures-eko CEO eta H2SITEko lehendakariak.