"Inbertsioari esker, H2SITEren hidrogeno-teknologia berritzailearen garapenaren hurrengo urratsak emango dira, erreaktoreen ekoizpen-ahalmena handitzeko eta 2026rako egunean zenbait tona ekoizteko gai izateko"
TECNALIAren partaidetzapeko deeptech enpresak hidrogenoa garraiatzeko soluzio teknologia berriak eskaintzen ditu, eta bere hazkundea bizkortzeko eta teknologia eskalatzeko inbertsio-erronda berri hau itxi du
H2SITEk berretsi duenez, 36 milioi euroko guztizko batekin itxi dute B Serieko finantzazio-erronda. Hori lortu da, hain zuzen, lidergoa partekatu dutelako Hy24k (hidrogenoaren inguruko kapital pribatuko aktiboen munduko kudeatzaile nagusia) eta SC Net Zero Venturesek (industria eta garraioa deskarbonizatzeko teknologietara bideratutako funts bat). Eragiketan, erreferentziako eragile inbertitzaileek ere hartu dute parte, hala nola hauek: MassMutual Ventures, Enagas Emprende, Exergon, Breakthrough Energy Ventures, Equinor Ventures eta Ezten.
Kapital-injekzio horrekin, H2SITEk bere teknologia eskalatu nahi du, eta hidrogenoa eskala handian ekoizteko gai diren erreaktoreak garatu; aurreikuspenen arabera, egunean tona batzuk ekoizteko ahalmena izango du 2026rako. Hala, hidrogenoaren hornikuntza-kate fidagarri, jasangarri eta ekonomikoki efiziente bat sortzeko bidean aurrera egin nahi du.
H2SITEk, sortu zenetik, zuntz-erreaktoreen bidezko teknologia propioa garatu du. Teknologia horren bidez, hidrogenoa erauzten dute gas-korronteetatik eta erraz garraiatzen diren molekuletatik (adibidez, amoniakotik edo metanoletik). Konpainiak, orain arte, 15 proiektu gauzatu ditu Mendebaldeko Europan, eta, orain, Ipar Amerikako, Europar Batasuneko eta Asia-Pazifikoko merkatuetara hedatu nahi du, eskala handiko azpiegitura bakanen proiektuak ezarriz.
Ekonomia deskarbonizaturanzko trantsizioa bultzatuz
Finantzaketa-erronda honetan lortutako baliabideei esker, hidrogenoaren hornikuntza-katean funtsezkoak diren erronkei aurre egin ahal izango die H2SITEk; adibidez, soluzio deszentralizatuak eta amoniakoaren eskala handiko cracking-prozesuak. H2SITEren teknologiak, gainera, sektore estrategiko batzuk deskarbonizatzen lagunduko du, hala nola itsas sektorea.
TECNALIA, Europako erreferentziako ikerketa- eta garapen-zentroa den aldetik, oinarri garrantzitsua izan da H2SITEren hazkunderako. TECNALIAren laguntzaren bidez, H2SITE hidrogenoaren abangoardia teknologikoan posizionatu da, eta, eredu energetiko jasangarriago bateranzko trantsizioan, lidergoa sendotu du
Babes horren bidez, H2SITEk, TECNALIArekin batera, trantsizio energetikoarekin duen konpromisoa berretsi du, eskaintzen dituen soluzioak jasangarritasuna sustatzen baitute, eta, horretaz gainera, kostuak murrizten baitituzte eta eredu energetiko garbiago eta efizienteago bateranzko trantsizioa bizkortzen.