Berria

HarshLab: itsas zabaleko industriarako laborategirik handiena

2022ko abuztuaren 9a
Laboratorio flotante HarshLab

"BIMEPen instalatutako Europako laborategi flotatzaile handienari esker, enpresek beren materialak eta garapenak itsas ingurune errealean probatu ahal izango dituzte, eta hori lagungarria izango da haien bizitza erabilgarria luzatzeko"

Azpiegitura honek enpresen lehiakortasuna hobetuko du, aukera emango baitu aurreikusteko nola jokatuko duten sistemek itsas ingurunean.

Tamaina handiagoa eta prestazio eta gaitasun hobeak dituen laborategi berri bat garatu dugu I+Gko saiakuntza eta jarduera berriak egiteko, eta ekipamenduak bertan probatu eta laginak itsas hondora jaitsi ahal izango dira. Haren aurrekariak bezala, bertsio berri honek —duela zenbait aste ainguratu zen eta dagoeneko erabat operatibo dago— aukera emango du itsas zabaleko industriara bideratutako material eta garapen berrien saiakuntzak ingurune errealean eta kondizio kontrolatuetan egiteko.

Berrikuntza gisa, sare elektrikora eta komunikazio-sarera konektatuta egongo da, 2023an BiMEPeko urpeko sarearekin konektatuko duen kable dinamiko bati esker. Ekipamendua funtzionamenduan probatzeko, datuak biltzeko eta ondoren aztertzeko balio izango du, eta kargak erabiltzea ere erraztuko du plataformaren bizkar nagusian dagoen garabi hidraulikoaren bidez.

Laborategi berriak 8,5 m-ko diametroa du, 7 m garai da eta 120 m2-ko azalera erabilgarria du bizkarrean; horrek ahalmen handiagoa ematen dio saiakuntzak egiteko. Laborategiaren bertsio berri honen ezaugarri berrituei esker, ainguratzen diren elementuetan eta itsas hondoan ere egin ahal izango dira saiakuntzak, 65 m-ko sakoneraraino.

Itsas zabaleko industria sustatzeko laborategia

Beste ekipamendu berezi hauek ere baditu: bi hutsune libre hondoan, konektore, riser eta zilbor-kableekin saiakuntzak egiteko; urpeko modem bat, elementu urperatuak itsas azalekoekin komunikatzeko; estazio meteorologiko propio bat; eta urpeko ROV (Remotely Operated Vehicle) txiki bat, urrutitik ikuskapenak egiteko.

Laborategi honetan, ebaluatuko da zer gertatzen zaien materialei, osagaiei eta ekipamenduei urpean daudenean, ingurune atmosferikoan (uraren gainetik) daudenean, zipristingunean (olatua lehertzen den ingurunean) eta itsas hondoan daudenean. Hala lortutako informazioa laborategiko zahartze aurreratuko saiakuntzen bidez lortutako emaitzak kontrastatzeko balio izango du, zeren eta emaitza horiek ez baitira beti estrapolagarriak itsasoan daudenean benetan zer gertatzen den jakiteko.

Laborategi honekin, enpresek era fidagarrian iragarri ahal izango dute zer portaera izango duten sistemek itsas ingurunean, itsas zabaleko industriara bideratutako soluzio eta teknologia berriak ikertzeko eta garatzeko; horrek eragina du sistema horien segurtasunean, eta haien balio-bizitza luzatzen du.

Harshlab laborategi flotatzaileari buruzko informazio gehiago

2018an lehen HarshLab plazaratzea aurrerapen nabarmena izan zen Europako itsas zabaleko industriarako. Harrezkero, 20 enpresari baino gehiagori eman die zerbitzua, eta 500 probeta eta laginetik gora probatu dira, material berrien arlokoak eta itsas inguruneko korrosioaren, zahartzearen edo foulingaren aurkako soluzioen arlokoak.

Europan bakarra den laborategi hori TECNALIAk garatu du, Euskadiko Energia Klusterraren eta Eusko Jaurlaritzaren laguntzarekin. Laborategiari HarshLab izena eman zitzaion, eta BiMEPen dago (BIMEP, Biscay Marine Energy Platform), Armintzan, kostatik 1,6 miliara.