H2SITEk, TECNALIAren enpresa partaidetuak, industriei beren hidrogenoa izateko aukera ematen dien mintz-erreaktore bat asmatu du
TEKNOPOLISek, Elhuyarrek ETBrentzat ekoitzitako programa batek, erreportaje bat egin du non azaltzen baitu zer abantaila dituen eta zer erronkari egin behar dion aurre hidrogenoak energia-iturri berri gisa. Erreportajean, halaber, aukera eman dute Energiaren Euskal Erakundeak aurkeztutako Hidrogenoaren EAEko Estrategiaren ildoan doazen zenbait proiektu ezagutzeko: hidrogenoaren EAEko korridorea, H2SITE mintz-erreaktorea eta BenortH2 elektrolizazio-instalazioa.
Parisko akordioan erdietsitako konpromisoen arabera, atmosferara isurtzen dugun CO2-a % 45 murriztu beharko litzateke 2030erako, eta isuri-maila neutroa iritsi 2050ean. Ekonomia deskarbonizatzeko, erregai fosilak ordezkatuko dituzten energia alternatiboak behar dira; lehia horretan, hidrogenoa aurreratzen ari da.
Hidrogenoaren abantailak
- Energiaren Euskal Erakundeko Energia Efizientziako eta Jasangarritasuneko Arloko Juan Manuel Fernándezek adierazi duenez, “hidrogenoak abantaila nagusia du metatu eta garraia daitekeela. Energia berriztagarrietatik ekoitz daiteke, eta, gero, nahi dugunean kontsumitu”.
- Petronor da hidrogeno-ekoizle nagusia Euskal Autonomia Erkidegoan, baita hidrogeno-kontsumitzaile nagusia ere. Gaur egun, ez dute energia-iturri gisa erabiltzen, baizik petrolioa fintzeko lehengai gisa. Ideia da hidrogeno berdea fabrikatzen hastea, bere ekoizpen-prozesuak deskarbonizatzeko. Elías Unzueta Petronor Innovationeko Chief Innovation Officerraren iritzian, “garrantzitsuena, edo abantaila nagusia, hau da: ura sortzen du erregai gisa erabiltzen denean; oso neutroa da ingurunerako.” Baina, “hori abantaila izan dadin, aldez aurreko baldintza hau bete behar da: CO2-a sortzen ez duen prozesu baten bidez sortu behar da hidrogenoa”.
- H2SITE TECNALIAren, Frantziako ENGIE enpresaren, Eindhoveneko Unibertsitatearen (Tue) eta TECNALIA Ventures Deep Tech Venture Builderraren arteko lankidetzatik sortutako spin-off bat da, etak zenbait lehengaitatik hidrogenoa bereizteko gai den mintz-erreaktore bat asmatu du; horri esker, industriek beren hidrogenoa eduki dezakete.
Andrés Galnares H2SITEko CEOaren iritziz, “hidrogenoa bateragarria da; oso ondo uztartzen da orain puri-purian dauden aldizkako energia berriztagarri guztiekin. Aldizkako energia berriztagarriaren soberakin hori sarean sartu beharrean, elektrolizatzaile batek erabiliko du hidrogeno bihurtzeko; gero, sarean sartuko da, eta kontsumituko den tokian bereiziko da. Eredu horretan sinesten dugu”. H2SITEren mintz-erreaktorearen bidez, “adibidez, gaur amoniakoa sartzen badugu erreaktorearen barruan, 0 karbonoko hidrogenoa sortuko dugu tokian bertan. Metanola sartzen badugu erreaktorearen barruan, berdin, 0 karbonoko hidrogenoa sortuko dugu tokian bertan”.
- BenortH2 garraiorako erregaia, elektrizitate garbia eta gas sintetikoa sortuko dituen eta martxan dagoen Hidrogeno Berdeko Espainiako lehenengo instalazioa da. Amaia del Villar White Summit Capitaleko Principalak eta erreportajean BenortH2 elektrolizazio-instalazioaren bozeramaileak ziurtatu duenez, hidrogenoa “funtsezko energia-bektorea da gaur egun alternatiba elektrikorik ez duten zenbait sektore deskarbonizatzeko. Este baterako, garraio astunaren sektorea eta bero handia behar duten industria-prozesu jakin batzuk. Hidrogeno berdea alternatiba ia paregabea da gaur egun sektore horiek deskarbonizatzen laguntzeko eta geure buruari ezarri dizkiogun deskarbonizazio-helburuak betetzeko”.
Hidrogenoari buruzko erreportaje osoa
- Esteka honetan ikus dezakezu erreportaje osoa: Hidrogenoa lehian dabil etorkizuneko energia bihurtzeko
Informazio gehiago
TEKNOPOLIS astero emititzen da, 1999az geroztik, eta Euskal Herriko zein Euskal Herritik kanpoko edukiak eskaintzen ditu.
Zientzia-dibulgazioa da Elhuyarren funtsezko oinarrietako bat. Haren garapen-eremuak hainbat arlo hartzen ditu: hizkuntza-teknologiak, ikerketa, komunikazio-arloko zerbitzuak, berdintasunaren, euskararen eta parte-hartzearen arloetako aholkularitza-zerbitzuak, itzulpenak eta abar.