Berria

Hiriak biztanleriaren zahartzeari egokitzeko hiri-plangintza lantzen ari gara

2021ko apirilaren 6a
Urbanage

Erabiltzaileen beharrak sakonki aztertuta, eredua hiru erabilera-kasutan baliozkotuko da Europan: Helsinki, Santander eta Flandria

Aste honetan jarri dute martxan URBANAGE Europako proiektua: Enhanced URBAN planning for AGE-friendly cities through disruptives technologies. Hau da ekimenaren helburua: datuetan oinarrituta erabakiak hartzeko tresna-ekosistema bat erabiltzeak dituen onurak, arriskuak eta eraginak ebaluatzea, zehazki hiri-plangintzaren esparruan, hiriak biztanleriaren zahartzera egokitzeko.

Hiri-ingurunean gaur egungo erronketara egokitzeko, diziplina anitzetatik ulertu behar dira elkarrekin erlazionatutako fenomeno konplexu batzuk. Urteak daramatzagu hizketan hiri adimendunei buruz, sortzen dugun datu-kantitate handiari buruz eta eskura dugun konputazio-ahalmenari buruz, baina potentzial handia du oraindik teknologia disruptiboen erabilerak hiri-plangintzan eta -kudeaketan erabakiak hartzeko prozesuetan.

Hiri-plangintzako erabakiak hartzeko teknologia disruptiboak erabiltzeak, ordea, biztanleriaren sektore batzuk baztertzeko arriskua du berekin; zehazki, adinekoak baztertzeko arriskua, ezagutza digital txikiagoa dutelako eta balitekeelako mesfidantzaz hartzea teknologian oinarritutako erabakiak. Aldi berean, Europako hiriek biztanleria gero eta zaharragoa izatera egokitu behar dute, eta, horregatik, funtsezkoa da herritar horiek erabakiak hartzeko prozesuetan parte hartzea.

Eredu hau sorkidetza inklusiboko estrategia baten bidez garatuko da zenbait eragile garrantzitsurekin (funtzionario publikoak eta adineko pertsonak). Erabakiak hartzen laguntzeko ekosistema bat izango du oinarri, elementu hauek osatua: big dataren analisi multidimentsionala, adimen artifizialeko algoritmoen bidezko modelaketa eta simulazioa, biki digitalen bidez hiria bistaratzea, eta gamifikazio-teknikak erabiltzea adinekoei parte hartzen laguntzeko.

Informazio gehiago

  • Erabiltzaileen beharrak sakonki aztertuta, hiru erabilera-kasu baliozkotuko dira Europan (Helsinki, Santander eta Flandria)
  • Gure lankide Patricia Molinak eman dezake informazio gehiago.