“Hiriko berokuntzan energia aurrezteak berebiziko garrantzia du, eraikinei baitagokie Europako energia-kontsumoaren % 40 inguru”
Energia-krisiak argi uzten du garrantzitsua dela hiriko berokuntzaren efizientzia termikoa handitzea, etorkizun jasangarria lortzeko
RELaTED ekimenean, hiriko berokuntza-sareei 40-45 °C-ko tenperatura ultrabaxuak lortzen laguntzen dieten soluzio berriak garatu eta probatu dira. Espero ziren emaitzak lortzeko, proiektuaren erronka handienetako bat izan da teknologia desberdinak integratzea. RELaTEDek agerian uzten du hiriko berokuntza-sistemen tenperatura baxuagoa izateak, bero-ponpak erabiltzearekin konbinatuta, kostuak murrizten dituztela eta, aldi berean, eraikinak bero mantentzen dituztela.
Antonio Garridoren, TECNALIAko Energia Positiboaren Eraikuntzako ikertzailearen, arabera, “kontsumitzaileei beroa 60 edo are 100 °C-an hornitu ordez 40 °C-an hornitzeak, adibidez, esan nahi du bero-ponpak erabili behar direla behar denean tenperatura berriro igotzeko. Eta kanpoko tenperaturak igo egin direnez, bero-ponpak hozteko ere erabili ahal izatea ziurtatu behar genuen”.
Garatutako kontzeptuen saiakuntzak lau tokitan egin dira
- Belgradeko sare handi batean (Serbia)
- Vingeko hiri-garapen berri batean (Danimarka)
- Tartuko sare operatibo batean (Estonia)
- Ertzaintzaren Iurretako egoitzako sare korporatibo batean (Bizkaia)
Hiri-berokuntzan energia aurreztea, bero-galerak murriztuz
Hiri-berokuntzako sareek operazio-eredu jasangarriago eta energetikoki efizienteagoetara aldatu behar dute. Erakusleek energia zuzenean aurreztea lortu dute bero-galerak murriztuta; bestalde, hondar-beroa sarean injektatzeak diru-sarreren fluxua ekarri die enpresei eta berokuntza gehigarria, kontsumitzaileei.
Estoniako kasu pilotuan, tenperatura murriztuta, 400 MWh/urteko aurrezpen termikoa lortu da, eta horrek esan nahi du bero-galera % 20 murriztu dela. Ertzaintzaren Iurretako instalazioetan, tenperatura 80 °C-tik 35 °C-ra murriztu da.
“Energia-aurrezpen hori lortzea oso garrantzitsua da, eraikinek Europako energia-kontsumoaren % 40 inguru hartzen baitute, eta berokuntza baita kontsumo horren zati handi bat”, erantsi du Antonio Garridok. “Tenperatura operatibo baxuagoek eta noranzko biko fluxuek ere energia berriztagarri eta hondar-beroaren iturriak masiboki xurgatzeko aukera eman dezakete, eta, gainera, galera termikoak murriztu”.
Tenperatura ultrabaxuko hiriko berokuntza-sareak; RELaTED
Tenperatura ultrabaxuko hiriko berokuntza-sareak, RELaTED proiektuan aitzindariak, Europako trantsizio energetikoaren funtsezko zati izan litezke. Teknologia hori Europa osoan erreplikatzen bada eskala handian, energia-aurrezpena esanguratsua izan liteke.
Partzuergoaren euskal ordezkaritzan daude, TECNALIAz gain, Eusko Jaurlaritza, Iurretan erakusle gisa erabili zen berokuntza-sareari dagokionez, eta Energiaren Euskal Erakundea (EEE), zeina buru izan baitzen beste eskualde batzuetarako horrelako soluzioak garatzeko potentzialari buruzko azterketan (aplikazio praktikoa izan zuen Euskadin).
Halaber, INNOMETAL arduratu da mota horretako bero-sareetan integragarriak diren eguzki-sistemak garatzeaz. El Taller de Comunicación y Cía, berriz, proiektua ezagutarazteaz arduratu da.
Hau interesgarria izan daiteke zuretzat
Proiektu honek Europar Batasuneko Horizonte Europa ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantzaketa jaso du 768567 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.