"Profesionalei prestakuntza eta entrenamendu indibidual edo kolektiboa emateko ingurune operatibo errealak simulatzeko aukera ematen duen plataforma bat da Cyber Range"
“Industriako zibereraso”ei buruzko bi saio praktiko egin dira Arabako Parke Teknologikoko gure instalazioetan
Erakunde guztientzat, estrategia teknologikoaren ardatza da zibersegurtasuna, eta digitalizazioaren funtsezko elementu bat. Industria-enpresak gero eta gehiago jabetzen dira beren erakundeetan zibersegurtasuna txertatzeko beharraz.
Hori dela eta, ARABA 4.0rekin eta Basque Cybersecurity Centrerekin elkarlanean, jardunaldi batzuk antolatu ditugu: teoriatik praktikara salto egin, eta fabrika bateko zibereraso bat simulatu dugu.
Bi saiotan, enpresek hacking etikoarekin eta erabili beharreko tresnekin lotutako ariketak egin zituzten, eta IT sare batetik OT sare bati egindako erasoei aurre egiteko teknikak nola aplikatu ikasi zuten.
Cyber Range: zibersegurtasunari buruz ikasteko funtsezko tresna
Europan aitzindariak diren instalazioak ditugu TECNALIAn, eta langileak trebatzeko, ikerketarako, eta Cyber-Range ingurune birtualetan zibersegurtasun-teknologia berriak garatzeko eta baliozkotzeko erabiltzen ditugu. Gure laborategia Basque Digital Innovation Hub zibersegurtasun-nodoaren parte da, eta nodo hori Basque Cybersecurity Centrek koordinatzen du.
Euskadin banatuta dauden nodoaren beste lau laborategiekin konektatutako laborategi hori berariaz diseinatuta dago zibersegurtasuneko profesionalak entrenatzeko eta etengabe gaitzeko, eta sektoreko profesional berriak prestatzen laguntzen du.
TECNALIAko zibersegurtasun-taldean aspalditik ari gara arlo horretan lanean, entrenamendu-agertoki horiek diseinatzen eta ezartzen, bai IT sareetan (korporatiboak) bai OT sareetan (sare operatiboetan) girotuta, industria digitalak zibersegurtasun-premia berriak sortu baititu, bai eta IT eta OT munduen arteko komunikazioa duten sare hibridoetan ere.