CDTIk, NEOTEC programako laguntzen bitartez, 250.000 €-ko diru-laguntza bat eman dio oinarri teknologikoko Ingredalia enpresa berritzaileari.
Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI), NEOTEC programako laguntzen bitartez, 250.000 €-ko diru-laguntza bat eman dio oinarri teknologikoko Ingredalia enpresa berritzaileari. NEOTEC enpresa-erakunde publikoa Zientzia eta Berrikuntza Ministeriora atxikita dago; oinarri teknologikoko enpresak sortu eta sendotzen laguntzen du, eta teknologia eta berrikuntza lehiarako faktore gisa bultzatzen.
Ingredaliak jasangarritasuna eta ekonomia zirkularra bultzatzen ditu; nekazaritzako elikagaien sektoreko azpiproduktuak erabiliz, osagai funtzionalak, estraktuak, gehigarriak eta bestelako produktu osasungarri batzuk egin, banatu eta merkaturatzen ditu.
Azpiproduktuen balioa handitzea
Brokolia prozesatzean sortzen diren azpiproduktuen balioa handitzetik eratortzen dira Ingredaliaren lehen bi produktuak, eta haiek industrializatzeko eta merkaturatzeko lanean buru-belarri ari da konpainia gaur egun. Konpainiako I+G+Bko lantaldeak garatu duen teknologiari esker, brokolia osasungarri egiten duten molekulak (sulforafanoa eta glukosinolatoa) erauztea eta bere produktuetan sartzea lortu du Ingredaliak.
Pertsonen sistema immunea indartzeko osagai funtzional bat da Sulforaphan-Smart, eta Brasphenola, aldiz, elikagaien bizitza baliagarria luzatzen duen antioxidatzaile bat. Sektore oso desberdinetan erabiltzen dira produktu horiek, hala nola elikagaien industrian, kosmetikan, nutrazeutikan, parafarmazian, nekazaritzan eta abeltzaintzan.
Informazio gehiago
Ikerketaren bidez garatutako teknologian eta ezagutzetan oinarrituta produktu eta zerbitzuak ustiatzea ardatz duten enpresa txiki berritzaileen enpresa-proiektu berriak finantzatzen ditu NEOTEC programak; teknologia propio bat garatzeak izan behar du negozio-estrategiaren oinarria. Ingredaliak betetzen ditu ezaugarri horiek, zeinaren teknologia eraldatze-prozesuetan eta ekoizpen-teknologia eta -prozesu disruptiboak ezartzean zentratzen baita.
TECNALIAren eta Nafarroako Tratamiento Subproductos Agroalimentarios (TRASA) enpresaren arteko lankidetzaren ondorioz eta TECNALIA Ventures TECNALIAko deep tech venture builderraren laguntzarekin eratu zen Ingredalia.