"Beira-saiakuntzak egiteko izendatutako erakunde bat gara, eta gure laborategia ENACek egiaztaturik dago"
EN 356 arauaren bidez zehazten dira beirazko konposizio batek izan ditzakeen eskakizunak, saiakuntza-metodoak eta erresistentzia-sailkapenak
Eraikuntzarako beira-soluzio mota hori bereziki pentsatua da objektuen eta/edo pertsonen intrusioa –beiraren gainean eskuz eginiko eraso baten ondoriozkoa– atzeratzeko, eta denbora-tarte laburrean.
EN 356 arauaren bidez ezartzen dira, hain zuzen, beira xaflatuzko konposizio batek eskuz eginiko erasoen aurrean izan ditzakeen eskakizunak, saiakuntza-metodoak eta erresistentzia-sailkapenak. EN 356 arauak bi sailkapen-talde ezartzen ditu, A eta B, eta saiakuntza-metodo bana ezartzen du haietarako.
A taldea
A taldearen barruan, guztira bost azpitalde aurreikusten dira (P1A, P2A, P3A, P4A edo P5A), eta, saiakuntzetan, 4,11 kg-ko altzairuzko bola bat botatzen da bertikalean, beiraren hiru punturen gainean. Hiru puntu horiek erpin bat osatzen dute, eta erorketa-altuera eta inpaktu-kopurua aldatu egiten dira sailkapen objektiboaren arabera. Kasu guztietan ere, ezinbestekoa da bolak beira ez zeharkatzea.
B taldea
B taldeak, berriz, hiru azpitalde ditu (P6B, P7B edo P8B). Mailuarekin egiten da saiakuntza, beira behin eta berriz joz. Lehenik eta behin, beira apurtzen da. Ondoren, beira-aizkora batekin ebakitzen da, harik eta 400 x 400 mm-ko pasabidea ireki arte. Pasabide hori zabaltzeko emandako inpaktu guztien baturak ematen du erresistentzia-sailkapena.
Nahiz eta saiakuntza-metodo desberdinak aplikatu A eta B taldeetarako, erresistentzia-sailkapenak ondoz ondokotzat har daitezke. Hala ere, EN 356 arauak ez ditu lotzen sailkapenak erabilera edo aplikazio jakin batekin.
CE marka jartzeko 3. sistemari jarraikiz eta ENACek egiaztatutako laborategi gisa beirazko produktuen saiakuntzak egiteko izendaturiko erakundeetako bat da TECNALIA.
Eskuzko erasoen ondoriozko efrakzioarekiko erresistentzia segurtasun-beiraren prestazio bat da, eta hasierako saiakuntza baten bidez ebaluatzen da. Hain zuzen ere, CE marka jartzeko izendaturiko erakunde batek egin behar du saiakuntza hori.