Prototipo horiek —IDOMek diseinatuak eta fabrikatuak— kualifikazioa lortu dute saiakuntza askoko kanpaina bat gainditu ostean
ITEReko kideek —Txinak, Europak, Indiak, Japoniak, Koreak, Errusiak eta Estatu Batuek— konpromisoa hartu dute 35 urtez elkarlanean aritzeko, fusioko gailu esperimental bat eraikitzen eta prestatzen. Fusio-erreakzioa abiarazteko behar den beroa baino bero gehiago sortuko duen lehena izango da. Teknologia ugaritan oinarritzen da, zeinak ezinbestekoak baitira etorkizuneko fusio-energiarako. ITER —'bidean', latinez— izango da fusio-energiaren inguruko esperimentu garrantzitsuena mundu mailan, eta konfinamendu magnetikoko plasma-instalazio handiena izango du.
Tokamak fusio-erreaktore bat izango du, eta huts-ontzi batean edukiko du plasma, non ingurumen-kondizio erradioaktiboak konfinatzea eta huts-maila altua lortzen baitira.
Diagnostiko- sistema da ITERen osagai nagusietako bat. Zientzialariei plasmaren portaera aztertzen eta kontrolatzen lagunduko die, baita haren propietateak neurtzen eta fisika plasmatikoaren inguruko ezagutza areagotzen ere. Adituen "begiak eta belarriak" izango da sistema, informazioa emango baitie punta-puntako teknologien sorta zabal bati esker.
Gutxi gorabehera 50 diagnostiko-tresnatan oinarrituko da ITER. Plasma osoaren ikuspegia eskainiko dute, eta makinaren funtzionamendu egokia bermatu. Pultsu plasmatikoaren iraupena dela eta (gaur egungo fusio-gailuena baino 100 aldiz handiagoa), diagnostiko-sistema makinaren zaindaria izango da.
Horma-zorroen diseinua
Huts-ontzian gertatzen den fusio-prozesua monitorizatu ahal izateko, presio atmosferikoa duen aldea eta huts-maila altuko aldea zigilatuta egongo direla bermatuko duten horma-zorro elektrikoak beharko dira; berariaz diseinatu beharko dira erabilera horretarako, proiektuak bi huts-hesi behar baititu, eta mota askotako seinale ugari igorri behar baititu.
Fusion for Energy (F4E) erakunde da horma-zorro elektriko horiek diseinatzeko eta haietarako fabrikazio-espezifikazioetarako Europak ITERi egiten dion ekarpenaz arduratzen den Europar Batasuneko erakundea, eta erakunde horrek kontratatu zuen IDOM. Huts-hesiak diseinatu ostean, horma-zorro elektrikoen hiru prototipo fabrikatu ziren, eta horma-zorro horiek kualifikatzeko saiakuntza-kanpaina handi bat planifikatu zen.
TECNALIA arduratu zen saiakuntza-kanpaina horiek egiteaz. Horma-zorro horiek izango dituzten zerbitzu-kondizioetan oinarritu zen diseinua, eta saiakuntza hauek egin ziren: helio-ihesen saiakuntzak, saiakuntza elektrikoak, bibrazio-saiakuntzak, presio-saiakuntzak, ziklo termikoen saiakuntza, talka-saiakuntza eta tenperatura-saiakuntza.
Hiru prototipoek gainditu dituzte saiakuntza guztietako irizpideak, eta diagnostiko-sisteman fidagarritasunez lan egiteko kualifikazioa lortu dute.