“Biltzarrean zenbait herrialdetako 400 pertsonak baino gehiagok parte hartu zuten eta nazioarteko ordezkari ugari izan ziren”
400 parte-hartzailerekin baino gehiagorekin, Bilbok EWTEC 2023ren 15. edizioa hartu du, itsas energia berriztagarriei buruzko ezagutza transferitzeko foro bikaina.
Euskal Herriko Unibertsitateak, Bilboko Ingeniaritzako Goi Eskola Teknikoaren bidez, EWTECen edizio hau hartu du. Jesús Mari Blanco (UPV/EHU) izan da lehendakaria eta Jose Luis Villate, Energia Berriztagarrien eta Eraginkortasun Termikoaren TECNALIAko zuzendaria, izan da lehendakarikidea. Halaber, TECNALIAren offshore energia berriztagarrien taldeak aktiboki parte hartu du biltzarra antolatzen azken hilabeteetan, Joint Research Laboratory on Offshore Renewable Energy (JRL-ORE) erakundearen eskutik.
Elektrifikazioa eta energia berriztagarriak
Bizkaia Aretoan egindako biltzarraren inaugurazio-ekitaldian honako parte-hartzaile hauek izan ziren: Jesús Mari Blanco eta José Luis Villate, EWTEC 2023ko lehendakarikideak; Cameron Johnston, EB EWTECeko (University of Strathclyde) lehendakaria; Gorka Moreno, UPV/EHUko Bizkaiko Campuseko errektoreordea; eta Mikel Amundarain, Eusko Jaurlaritzako Industria sailburuordea.
José Luis Villatek azpimarratu zuen elektrifikazioak nolako garrantzia duen gure ekonomiaren deskarbonizaziorako eta klima-aldaketari aurre egiteko. Gaur egun, Europako energia-kontsumoaren % 24 bakarrik da elektrizitatea. Gainerakoa, nagusiki, garraiorako, berokuntzarako eta industria-prozesuetarako erregai fosilak dira.
Elektrifikazio-prozesu horrek energia berriztagarrietan oinarrituta egon behar du. Energia eolikoa, bai lurrean bai offshoreingurunean, eta energia fotovoltaikoa ohiko iturri bihurtu dira; eta horiek beste iturri berriztagarri batzuekin osatu beharko dira. EWTEC 2023k indarra hartzen ari diren energia-iturri berriztagarrien (olatuen eta mareen) garapen teknologikoan eta industrialean aurrera egiten laguntzen du.
Olatu-energiarako eta marea-energiarako soluzioak
TECNALIAk 20 urtetik gora darama offshore ingurunerako soluzioetan lan egiten. Biltzar honetan olatu- eta marea-energiaren esparruko zenbait soluzio aurkeztu zituen.
- Pablo Ruiz-Minguelak parte-hartzaileei berrikuntza-estrategia arrakastatsuak hurbildu zizkien, olatu-energia erabiltzen duten teknologien garapeneko erronka teknikoak gainditzeko.
- Joannes Berquek olatu-tanke mota berri bat aurkeztu zuen.
- Eider Roblesek JRL-ORE aurkeztu zuen, TECNALIAk, BCAMek eta UPV/EHUk osatua. Horren xedea da sinergiak indartzea itsas energia berriztagarrien ikerketan parte hartzen duten alderdien artean.
Halaber, ikerketa- eta garapen-zentroko adituek biltzarrean aurkeztutako ekarpenak berrikusi zituzten, eta itsas energia berriztagarriei buruzko hainbat saio tekniko moderatu zituzten.