“TECNALIA zenbait berrikuntza garatzen ari da marea-energiaren eta itsasoko energia fotovoltaiko flotatzailearen esparruan, trantsizio energetikoa bultzatzeko”
Europako Batzordeak Itsas Energia Berriztagarriei buruzko EBren Estrategia dauka, hemendik 2050era bitartean EBren klima-neutraltasuneko helburua lortzen laguntzeko.
EBren Estrategiak proposatzen du itsas energia eolikoa ekoizteko Europaren gaitasuna handitzea eta hura itsas energiarekin eta gorabidean dauden beste energia batzuekin osatzea, hala nola eguzki-energia flotatzailearekin. Arestian egin den estrategia-berrikuspenak anbizio handiagoa ere islatzen du helburu globaletan, deskarbonizazio-politikekin lerrokatuta, eta itsas energiei emandako babesa berritzen du.
Energia-iturri efiziente, garbi eta berriztagarrien behar gero eta handiagoa dagoenez, TECNALIA berrikuntza berrien arloan ari da lanean.
Aurrerapenak marea-energiaren arloan
Marea-korronteen energiaren esparruan, energiaren kostu normalizatua hobetzea sustatzen du TECNALIAk, eta teknologia hori hedatzea bultzatzen du.
MAXBlade ekimenak modu integralean helduko die teknologia horrek dakartzan erronkei (hala nola turbinetako palen kontrola, mantentze-lanak, diseinua, fidagarritasuna eta haien egoeraren monitorizazioa), eta ekonomia zirkularraren printzipioak aplikatuko ditu garapen guztietan. Zehazki, TECNALIAk honako hauetan laguntzen du: palen estaldurak zehazten eta itsasoan probatzen, errotorearen osagaiak itsasora egokitzen eta turbinaren eragiketa eta jarduna ebaluatzen, nazioarteko metriketan oinarrituta.
Itsasoko fotovoltaiko flotatzailea
Itsasoek eta ozeanoek Lurraren azalera handia hartzen dutenez, aukera erakargarria da fotovoltaikoa ingurune horretara eramatea. Hala ere, itsasoko baldintza gogorrek hainbat erronka dakartzate, haien artean panel fotovoltaikoak instalatzeko egitura flotatzaileak eraikitzea.
TECNALIAk parte hartzen du itsasoko kondizioei eusteko, iraunkortasuna bermatzeko eta instalazio-kostuak minimizatzeko gai diren egiturazko diseinuak eta material berritzaileak garatzen. NATURSEA-PV ekimenaren esparruan garatuko diren egiturak ingurumena gehiago errespetatzen duten prestazio ultra handiko hormigoietan oinarrituko dira. Halaber, simulazio prediktiboko berariazko tresna-sorta bat sortuko da material berrien iraunkortasun mekanikoa eta kimikoa ebaluatzeko. Garapenak laborategian eta benetako ingurune kontrolatuan baliozkotuko dira.
TECNALIAk EKIOCEAN ekimenean laguntzen du, zeinak itsas ingurunerako instalazio fotovoltaiko flotatzaileen kontzeptu jasangarri berriak ikertzen baititu —balio-kate osoari heltzen dio—. Halaber du helburu sektorearen garapena bultzatuko duen eta EAEko industriarentzako negozio-aukeretan gauzatuko den ezagutza sortzea.
Itsas energiaren sektoreko lankidetza
Itsas energien sektoreko eragile guztien arteko lankidetza funtsezkoa da teknologia horien hedapena bultzatzeko. Horri dagokionez, TECNALIAk SEETIP Ocean ekimenean parte hartzen du. Ekimenak helburu du pertsonak eta erakundeak hurbiltzea, ezagutza trukatzea eta sortzea eta konexioak estutzea, bikaintasun zientifikoa maximizatzeko Europa mailan eta bidezko trantsizioaren jasangarritasuna itsas energien garapenaren zati integral bihurtzeko.
Zehazki, Itsas Energien Ikerketa eta Berrikuntzako 2025-2030 Agenda Estrategikoa eguneratzeko prozesuaren buru gara.
Deskribatutako garapenak MAXBLADE, SEETIP OCEAN eta NATURSEA-PV Europako berrikuntza-ekimenen esparruan egiten ari dira. Haiek Europar Batasunaren ikerketako eta berrikuntzako Horizon Europe programaren finantzaketa jaso dute, 101096891, 101075412 eta 101084348 zenbakietako dirulaguntza-akordioen bidez.