Proiekzio hidrologikoak eta informazio sektoriala konbinatuz egokitze-estrategiak definitzen laguntzen duen tresna bat da
Trantsizio Ekologikorako eta Erronka Demografikorako Ministerioaren Biodibertsitate Fundazioaren babesarekin eta Naturgyren laguntzarekin, energia hidroelektrikoaren sorkuntzaren proiekzioak ebaluatzeko tresna bat garatu dugu, zeina bereziki sentikorra baita klima-aldaketaren inpaktuetarako. Energia-mota hori garrantzitsua da energia-sistema jasangarriago bateranzko trantsizio energetikoan. Horregatik, sektore horretarako egokitze-estrategiak egoki planifikatu behar dira; eginak dauden proiekzio hidrologikoekin lan egin behar da, eta sektoreko informazioarekin konbinatu behar dira.
Tresna ezagutarazteko eta garatutako funtzionalitateez eta emaitzen aplikazio praktikoaz sektorean zer iritzi dagoen jakiteko, lantegi hau egin genuen joan den hilaren amaieran: “Energia hidroelektrikoaren sorkuntzari buruz XXI. menderako proiektatutako egoera hidrologikoen ondorioen ebaluazioa”.
Ekitaldi horretan, sektoreko eragile gailenek hartu zuten parte: Naturgy, Endesa, Iberdrola eta Espainiako Sare Elektrikoko ordezkariak izan genituen. Eduardo González Espainiako Klima Aldaketako Bulegoko Klima Aldaketaren aurreko Ekintzen Koordinazioko zuzendariorde nagusiak eman zion hasiera saioari. Klima-aldaketara egokitzearen alorreko gure adituek energia hidroelektrikoaren sorkuntzaren proiekzioak etorkizuneko egoera posibleen arabera ebaluatzeko metodologia eta tresna aurkeztu zituzten. Tresna horri esker, arriskuen analisiaren hurbilpen kuantitatibo bat egin daiteke, eta lehentasunak ezar daitezke aurrera begira xehetasun-azterketak egiteko. Horretarako, CEDEXek eta Copernicusen Klima Aldaketaren Zerbitzuak emandako informazioaz baliatzen da.
Energia hidroelektrikoa bateragarria da gure ibaien egoera zaindu eta hobetzearekin, eta, horregatik, funtsezkoak dira, sektore horretan, azpiegitura hidroelektrikoa ahalik eta hobekien ustiatzeko ikerketan egiten den ahalegina, azterketa xehe espezifikoetako inbertsioa eta sektorea egokitzeko lanak.
AdapteCCa-ren ondoko estekan, "Fundación Biodiversidad" erakundearen laguntzaz garatutako "Evaluación de los efectos de los escenario hidrológicos proyectados para el siglo XXI sobre la generación hidroeléctrica" txostenaren emaitzak daude eskuragarri.