"Funtsezkoa da naturaren prozesuekin bat datozen egokitzapen-neurriak definitu eta hartzea"
Hirigintza-arloko erresilientzia klimatikoari buruzko INNOT 23 jardunaldia ondorioztatu du Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legea aukera bat dela klima-aldaketara egokitzeko hirigintza-arloan
Uztailaren hasieran, TECNALIAk eta Valentziako Unibertsitateko Lurraldeko Kultura Katedrak, Valentziako Generalitatearen, Klima Aldaketaren Espainiako Bulegoaren, Fundicot-en (Lurralde Antolamenduaren Lanbide arteko Elkartea), IIdl-ren eta LIFE IP Urban Klima 2050 proiektuaren laguntzarekin, "INNOT 23: hirigintza-arloko erresilientzia klimatikoa" jardunaldi teknikoa antolatu zuten Valentzian. Ekitaldian, TECNALIAko klima-aldaketara egokitzeko taldeko Efrén Feliu eta Gemma Blanco buru zirela, eskualdeko eta tokiko zenbait agintarik hitz egin zuten (EAE, Nafarroa, Valentzia, Katalunia, Andaluzia, Bilbo eta Sevilla).
Saioan, sormenezko irtenbideak aurkeztu ziren, eta berrikuntzak inspiratu ziren espazio- eta hiri-plangintzako tresnetan eta haiekin lotutako prozesuetan. Era berean, eztabaida aberasgarria izan zen maila anitzeko lurralde-ikuspegiak, lege-esparruak eta digitalizazioak duten garrantziari buruz.
INNOT 23 jardunaldiaren ondorioak
Topaketa motibatzailea izan zen, eta ondorioztatu zuen Klima Aldaketari eta Trantsizio Energetikoari buruzko 7/2021 Legea aukera handia dela hirigintza-arloan klima-aldaketara egokitzea txertatzeari dagokionez. Ildo horretan, egokitzapena eta hirigintza-praktika batera landu behar dira; izan ere, bateragarriak izateaz gain, egokitzapenak hirigintzaren beharra du, eta hirigintzak ezin du alde batera utzi egokitu beharra.
Halaber, funtsezkoa da klima-aldaketaren ondorioak arintzearen eta horretara egokitzearen arteko sinergiak identifikatzea eta aprobetxatzea, biak bat baitatoz azken helburuan.
Jardunaldian nabarmendutako puntuetako bat izan zen naturaren prozesuekin bat datozen egokitzapen-neurriak definitu eta hartzearen garrantzia. Espazioak eta lurraldeak birnaturalizatzeak bultzada ematen dio ekosistemek egokitzeko eta biodibertsitatea babesteko duten berezko gaitasunari.
Gainera, erabakigarria da lurralde-mailatik edo udalez gaindiko mailatik etortzea hirigintzaren eta egokitzapenaren arloko gidalerroak, kateko plangintza bati jarraituta. Alde horretatik, garrantzitsua da eskumena duten administrazio-instantzia guztien laguntza eta parte-hartzea izatea.
Urban Klima 2050
EAEn klima-aldaketara egokitzeari dagokionez, nabarmentzen da, besteak beste, LIFE IP Urban Klima 2050 ekimena, EAEko lurralde- eta hirigintza-plangintzako tresna arauemaileetan klima-aldaketa txertatzea aldezten baitu, benetako erresilientzia lortze aldera.
Urban Klima 2050en ordezkari gisa, Mari Mar Alonsok parte hartu du; Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoaren Klima Ekintzako zuzendaria. Bere hitzaldian, Urban Klima 2050 proiektuaren zeregina nabarmendu zuen: "lankidetza-proiektua honen bidez maila guztietan lan egin dezakegu, eta, hala, lankidetza indartu EAEko administrazioaren eta ekintza pilotuak —beste udalerri batzuetan erreplikatu ahal izango direnak— sustatuko dituzten zenbait udalerriren artean".
Esker-ematea ekitaldiko laguntzaileei
Honako hauei gure esker ona adierazi nahi diegu, jardunaldian izan duten parte-hartze bikainagatik: Joaquin Farinos, Valentziako Lurraldeko Kultura Katedratik ekitaldiaren antolatzaileetakoa izan baita; Rosa Pardo i Marín; Francisco Heras; Eduardo de Santiago; Izaskun Abril; Jon Asua; Rosa Vilella; Segundo Álvarez Guirado; Marimar Alonso; Susana Ruiz Fernández; Eric Gielen; Roberto Galán Vioque; Maria Esther Moreno Leyva; Gabriel Ros; Manuel Borobio eta Jorge Olcina.