Aurreikuspenen arabera, 2021ean garatuko da lehen pilotua Kubiken (TECNALIAk Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen eraikin esperimentalean)
Lantegi 4.0 plataforma EHUrekin eta Virtualware LABSekin batera garatua da, eta instalazio bateko egitura- eta operazio-elementu guztien biki digital bakar bat sortzen du automatikoki. Tresnak industria eraginkorragoak eta beren ingurunera egokitzeko ahalmen handiagoa dutenak lortzen ditu, eta hutsegiteak iragartzen.
Teknologia berri honek sistemari probetxua ateratzen dio; eragin edo estimuluen aurrean sistemak nola jokatzen duen aztertzen du, eta ekintzek zer ondorio dituzten begiratzen du, produktu-unitate berriak optimizatuak izan daitezen. Horretarako, hainbat alorretako azken garapenetan oinarritzen da: 3Dko aktiboen digitalizazioa, errealitate areagotua, irudiak prozesatzeko teknikak, adimen artifiziala eta robotika.
Proiektuaren arduradunen arabera, “Lantegi 4.0 asmo handiko apustu baten lehen pieza gisa diseinatu da, eta apustu hori da, hain zuzen, instalazio bateko makineriaren biki digitalak eta prozesuak barne har ditzakeen fabrika-eredu erreal bat sortzeko prozesua osorik automatizatzeko bideari ekitea eta bide horretan aurrera egitea”.
Informazio gehiago
Proiektuak Eusko Jaurlaritzaren Elkartek 2020 programaren laguntza jaso du. Sentsoreen lehen analisiak egiten hasi da, eta, aurreikuspenen arabera, aurten garatuko da lehen pilotua, bai Kubiken (TECNALIAk Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean duen eraikin esperimentalean), eta bai Gipuzkoako Parke Zientifiko eta Teknologikoan duen industria-pabiloian.