XXX“H2-ak eragindako korrosioaren, harikortasuna galtzearen eta hodietako azelerazioaren eta nekearen kontrako irtenbideak garatzen lan egiten dugu”
H2MAT euskal partzuergoak metalezko egitura hibridoak garatu nahi ditu hidrogenoaren industrian erabiltzeko.
Apustu disruptibo bat da, jauzi kualitatibo bat egin nahi duena energia-sektore horretarako materialen esparruan. Proiektuaren helburu nagusia da geruza askoko egiturak diseinatzea, ekoiztea eta ebaluatzea hidrogenoa garraiatzeko erabiltzen den altzairu herdoilgaitzaren ordezko aukera gisa, hark baino balio erantsi handiagoa izango dutenak.
Gaur egun, hidrogenoa garraiatzeko, karbono-zuntzez (biltegiratze-tangak) eta altzairuz osatutako materialekin egindako osagaiak erabiltzen dira nagusiki, nola karbonozkoak hala herdoilgaitzak (hodiak, balbulak…), hidrogenoaren egoeraren arabera (tenperatura, presioa, hezetasuna eta ezpurutasunak). Jakina da zenbait altzairu-mota hidrogenoak eragindako korrosioarekiko sentikorrak direla H2-z aberatsak diren inguruneetan; horren ondorioz, propietate mekanikoak galtzen dituzte, eta, batzuetan, haustura kontrolgabeak izaten dituzte.
Hidrogenoak eragindako korrosioaren arazoa txikiagotzeko zenbait estrategia erabiltzen dira; funtsean, osagaiak gaindimentsionatzen dira eta H2-a altzairuan sartzea atzeratzen duten azaleko estaldurak erabiltzen dira.
Hidrogenoarekin kontaktuan dauden ohiko materialen ordezko aukeren bila, H2MAT partzuergoaren helburua da entropia handiko aleazioen (HEA) eta altzairuaren arteko interfasearen izaera fisikoa eta kimikoa diseinatzea, ulertzea eta kontrolatzea. Gero, teknikoki eta ekonomikoki ebaluatuko dira lortu diren egiturak, eta gaur egun hidrogenoa garraiatzeko erabiltzen diren altzairu herdoilgaitzezko egiturekin alderatuko dira.
H2MAT euskal partzuergoa
Proiektua 2022ko martxoan hasi zen Mondragon Unibertsitatea buru zuen partzuergo batekin, eta, hartaz gain, Zientzia, Teknologia eta Berrikuntzaren Euskal Sareko lau eragile-motatako erreferentziako zazpi bazkidek osatzen dute: Azterlan, Ceit, Energia Klusterra, Sidenor I+D, TECNALIA, Tubacex eta UPV/EHU.
ENERGIBASQUE euskal energia-sektoreko garapen teknologiko eta industrialeko estrategiak helburu du euskal enpresek irtenbide, ekipamendu eta osagai berriak garatzea hidrogeno-bektorearen garapen-esparruetan: sorkuntza, garraioa, banaketa, biltegiratzea eta azken erabilerak. Horrez gainera, hidrogenoaren ekonomiak eskaintzen dituen aukera berriak baliatzeko aukera emango duten ekimen eta proiektu bereziak garatzen lagundu nahi du, vascomy industria-sareak lehiarako dituen abantailak eta agente zientifiko-teknologikoek duten ezagutza oinarri hartuta.
H2MAT ondo egokitzen da estrategian identifikatutako esparru batean eta ildo teknologikoetan: H2-ak eragindako korrosioaren, harikortasuna galtzearen eta hodietako azelerazioaren eta nekearen kontrako irtenbideak garatzea.