Berria

MUBIL Mobility Awards sariek helburu dute etorkizuneko mugikortasuna aldatuko duten proiektu teknologikoak sustatzea

2021ko abuztuaren 5a
MUBIL Mobility Awards

Izena emateko epea uztailaren 29ra arte egongo da zabalik; irailaren 20an jakinaraziko da zein diren irabazleak, zeinek bere proposamena aditu talde baten aurrean defendatu ondoren.

Mugikortasun Berriaren MUBIL Zentroak, mugikortasun adimendun eta jasangarrian jarduera, zientzia eta ezagutza garatzeko espazio fisikoak, “MUBIL Mobility Awards” sariak abian jarri ditu. Sari horiek helburu dute etorkizuneko mugikortasuna alda dezaketen proiektu teknologikoak sustatzea; gutxienez prototipo fasean dauden inpaktu handiko teknologiak izan behar dute.

Fase horretan, badago identifikatutako arazoa konpon dezakeen gutxieneko produktu bideragarri bat edo eredu bat —irudikapena, erakuslea edo simulazioa—, eta hura bat dator MUBIL estrategiaren jarduera-eremuekin: mugikortasun konektatua, mugikortasun autonomoa, mugikortasun partekatua, mugikortasun elektrikoa eta eta horiekin erlazionatutako azpiegiturak.

Bi irabazle aukeratuko dira aurkeztutako proiektu guztien artean. Lehen saria 25.000 euro izango da, dirutan, eta, horretaz gain, 12 hilabeteko egonaldia Gipuzkoan, MUBIL ekosistema ahalik eta gehien aprobetxatzeko. Bigarren saria 10.000 euro izango da, eta proiektua garatzeko abantaila berberak: MUBIL ekosisteman 12 hilabeteko egonaldia.

Proiektuek izena emateko epea uztailaren 29ra arte egongo da zabalik. Irailaren 20an jakinaraziko da zein diren irabazleak, final handian, zeinek bere proposamena aditu talde baten aurrean defendatu ondoren.

Proiektu finalistak baloratuko dituen epaimahaia mugikortasun-arloko adituek eta lehen mailako inbertitzaileek osatuko dute: Maria Luisa Arriola, BIC Gipuzkoako zuzendari kudeatzailea; Javier Hernández, Littelfuse-ko negozio-garapeneko eta M&Ako zuzendaria, IESE Business Schooleko ekintzailetza-zuzendaria eta Alfil aholkularitza enpresako bazkide sortzailea; Mikel Lasa, KIC InnoEnergy Iberiako zuzendari kudeatzailea; Ignacio Martín, Repsol, Bankoa-Abanca, Indra Sistemas eta Acerinox enpresetako kontseilaria; Virginia Oregui, Geroako kudeatzailea; Imanol Rego, Irizar e-mobilityko zuzendari nagusia, eta Jokin Lopetegi, CAFeko garapen korporatiborako eta negozio berrietarako arduraduna.

Mugikortasun berriko erreferentzia industriala

MUBIL estrategiak helburu du Euskal Autonomia Erkidegoa mugikortasun berriaren eta energia-metatzearen alorretan industriarako nazioarteko erreferentzia bihur dadin sustatzea. Estrategia hori mugikortasun berriaren poloan gauzatzen da: topaketarako, interakziorako eta integraziorako espazio-ekosistema bat, zeinean aukera berriak sortzen baitira eta berrikuntza, berriz, enpresak eta gizartea garatzeko lehiakortasunerako faktore estrategiko bihurtzen.

MUBIL Mobility Awards sarien laguntzaileak

MUBIL Mobility Awards sarietan, nazioartean maila handia duten eta mugikortasunaren eta energiaren arloan itzal handia duten zenbait enpresak parte hartzen dute, hala nola hauek: CAF, Irizar e-mobility, Petronor eta Iberdrola. Gipuzkoako Foru Aldundia da mugikortasun adimendun eta jasangarriko zentro horren bultzatzaile nagusia. Horietaz gain, beste hauen laguntza ere badu: BIC Gipuzkoa, Energiaren Euskal Erakundea, Gipuzkoako Merkataritza Ganbera, Indar, IBIL, EIT Innoenergy, EIT Urban Mobility, Energiaren Euskal Klusterra eta Mugikortasunaren eta Logistikaren Euskal Klusterra.

Informazio gehiago