Berria

Naturan oinarritutako soluzioak sortzen ditugu, Europako hiriei hiri-erronkei aurre egiten laguntzeko

2021ko maiatzaren 4a
Nature4Cities

Nature4Cities plataforma erabilgarri dago hirigileentzat eta hirietan erabakiak hartzeko ardura dutenentzat

Nature4Cities ekimenak hiri-erronkei aurre egiten laguntzen die hiriei, NBS edo naturan oinarritutako soluzioei esker. NBSek ekosistemen egokitze-estrategietatik hartzen dute inspirazioa, natura kopiatuta edo naturan bermatuta, eta gizarte- zein ingurumen-onurak ekartzea dute helburu.

Europako bederatzi herrialdetako 28 bazkidek elkarrekin lan egin dugu, lau urtez, proiektuaren emaitza nagusia lortzeko: ezagutza- eta ebaluazio-plataforma bat, hiri-planifikatzaileei eta erabaki-hartzaileei NBSen inpaktua maximizatuz hiri-erronkak ebazten laguntzeko diseinatua.

NBSko proiektu baten hasierako faseetarako pentsatua dago. Nature4Cities-en tresnek eta gidek NBSei buruz gehiago jakiten laguntzen diete erabiltzaileei, eta egin diren proiektuetako jardunbide egokien adibideak eskuratzen, hiria eta auzoa ebaluatzen, jarraipen-adierazle egokienak definitzen eta planifikatutako NBSen inpaktua (ingurumenekoa, soziala eta ekonomikoa) iragartzen.

Leihatila bakar horri esker, erabiltzaileek askotariko gaiei buruzko gidak eta ezagutza-tresnak mia ditzakete, beren proiektuak sortu eta are proiektu horiek beste batzuekin partekatu.

Nature4Cities-ek NBS proiektu inklusiboak sustatzen ditu, eta askotariko eragileentzat diseinatu da: udaletako politikariak eta teknikariak, beren herritarren kezkei soluzio jasangarri eta efizienteekin erantzun diezaieten; hirigileak, beren proiektuaren inpaktu guztiei aurrea hartzen esperientzia handia eskuratu dezaten; aholkularitzak, bezeroei eskaintzen dizkieten soluzioak sendoagoak izan daitezen; ikertzaileak, proiektuak iraun dituen lau urteetan bildutako metodologiak eta ezagutza mia dezaten; eta, azkenik, herritarrak, beren ingurua definitzen eta hobetzen parte har dezaten.

Gobernantza-ereduak

TECNALIA Nature4Cities partzuergoko kidea da, eta aztertu du ea zein gobernantza-, finantzaketa- eta negozio-eredu egokitzen zaizkien egokien NBSez baliatzen diren proiektuei. Web-tresna bat garatu da (IM pre-selection tool), "Implement a NBS project” moduluan integratua plataforman, NBSko proiektu bakoitzerako inplementazio-eredu egokiena zein den definitzen laguntzen diena udal-teknikariei, bereziki, eta hirigileei.

TECNALIAk, gainera, aztertu du zer erlazio dagoen NBSen ezarpenaren eta ezarpen horrek hirietan klima-aldaketa arintzen eta hiriak klima-aldaketara egokitzen egiten duen ekarpen onuragarria analizatzen duten metodoen eta tresnen artean.

Lan hori ere plataforman integratu dute, “Diagnostic of your assessment needs” moduluan: udal-teknikariei eta zientzialariei beren ebaluazio-beharretara hobekien egokitzen den metodoa eta/edo tresna identifikatzen laguntzen die.

Informazio gehiago