Berria

Nekazaritza bertikal efizienteagoa, argiztapen artifizialik gabe

2023ko maiatzaren 26a
Vertical sunning, invernadero para agricultura vertical

“NOVAGRIC enpresak, TECNALIArekin lankidetzan, eguzki-argia erabiltzen duen nekazaritza bertikaleko berotegi gardena garatu du”

Ohiko LED argiztapenaren ordez eguzki-argia erabiltzen duen nekazaritza bertikala

NOVAGRIC enpresak, TECNALIArekin lankidetzan, nekazaritza bertikaleko berotegi garden bat garatu du, eguzki-argia erabiltzen duena, ohiko LED argiztapenaren ordez. Karbono-aztarna nabarmen murriztea lortzen da horrela, egungo merkatuko beste sistema batzuen aldean.

Berotegia eguzki-erradiazioaren bidez soilik argiztatzea lortzeko, TECNALIAk simulazioak egin ditu berotegiaren barruko eguzki-irradiantziaren banaketan, DesignBuilder erabiliz. Hala, landare-antolaerak aztertu ditu urteko garai batean baino gehiagotan, eta haien banaketa optimizatu.

Zenbait konfigurazioren eredu optikoak

Energia-efizientzia harago eraman da, uretan eta eguzki-argian oinarritutako hozte-sistema batekin. Estalkian ur-xafla bat erabili da eguzkiaren erradiazio infragorria iragazteko eta, hala, udan hozte-gastua murriztu ahal izateko.

Bi ikerketen kasuan, inguratzailearen zenbait konfigurazioren eredu optikoak garatu dira; ur-xaflarekin eta gabe, transmitantzia termikoa eta inguratzailearen eguzki-faktorea kalkulatzeko.

Prototipoa jada funtzionatzen ari da

Aurretiazko azterketa guztien ondoren, NOVAGRIC enpresak berotegi horren prototipoa eraiki du, eta funtzionatzen ari da jada, enpresak Murtzian dituen instalazioetan. Gaur egun, ikerketa tekniko-agronomikoa egiten ari dira, diseinua laborantza errealeko ingurune batean baliozkotzeko.

Biztanleria gero eta hein handiagoan kontzentratzen da hiriguneetan, eta, elikadura osasungarri eta tokikoaz kontzientziatzeko, beharrezkoa da elikagai osasuntsuen eta hurbileko elikagaien eskaera handiari aurre egin ahal izatea. Nekazaritza bertikalak behar horri erantzun diezaioke. Hala ere, horrelako sistemek erronka handi bati egin behar diote aurre gaur egun: funtzionatzeko, energia asko kontsumitzen dute, eta horrek kostu handia du.

Garapen Teknologiko Industrialerako Zentroak (CDTI) eta Zientzia eta Berrikuntza Ministerioak finantzatutako proiektua.