"Teknologia berriak garatu ditugu olioaren eta gantzen finketako hondakin-korronteen balioa beren osotasunean handitzeko"
IRODDI ekimenak, TECNALIA buru dela, teknologia berriak garatu ditu olio-finketako hondakin-korronteen balioa handitzeko
Oinarri biologikoko produktu berriak garatu ditu, olioak eta gantzak fintzeko prozesuan hondakin-korronte gisa sortutako desodorizazio-destilatuetan dauden gantz-azido askeak erabiliz. Olioari usain, kolore eta zapore txarra ematen dioten konposatuak kentzeko prozesuaren azken urratsak dira.
Bioproduktu berriak
Hondakin horietatik, eskari handiko bioproduktu batzuk lortu dira:
- detergente berdeetarako tentsioaktiboak
- biolubrifikatzaile biodegradagarriak
- poliuretano berriak formulatzeko poliol biooinarrituak
Era berean, teknologia berritzaile batzuk landu dira (CO2 superkritikoaren bidezko erauzketa eta likido ionikoen bidezko erauzketa), desodorizazio-destilatuetan dauden balio handiko konposatu minoritarioak isolatzeko; teknologia horietan, laneko baldintzak industria-mailakoak baino leunagoak dira.
Jatorri fosileko materialak ordezkatzea
IRODDI proiektua bioekonomia zirkularraren zuzeneko aplikazioaren adibide arrakastatsua da. Oinarri fosileko materialak oinarri biologikoko materialekin ordezkatzen ditu, eta, hala, deskarbonizatzen laguntzen du.
- Informazio gehiago kimika jasangarriari buruz
IRODDI partzuergoa
IRODDI partzuergoa (Innovative Refining process for valorization of vegetable Oil Deodorizer DIstillates) diziplina anitzeko lantalde europar batek osatzen du: FeyeCon eta Zer0-E Herbehereetakoak, Fraunhofer, IoLiTec eta Jowat Alemaniakoak, Sophim Frantziakoa, eta BIOPLAT, Instituto de la Grasa - CSIC, Kliner Profesional, Sophim Iberia eta TECNALIA, taldeko burua, Espainiakoak.
Bio-based Industries Joint Undertaking (BBI-JU) elkarteak lagundu dio proiektuari.
**Proiektuak Europar Batasunaren ikerketako eta berrikuntzako Horizon Europe programaren finantzaketa jaso du, 887407 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.