“Mediterraneoko eskualdeetan klima-aldaketara egokitzeko naturan oinarritutako soluzioak ezartzea eta sustatzea”
Soluzio naturalak ezartzen ditugu, Mediterraneoan klima-erresilientziaranzko eraldaketa bultzatzeko
DesirMED ekimenak oinarri du naturan oinarritutako soluzio berritzaileak identifikatu, diseinatu, ezarri eta ebaluatzea, hala nola hezeguneak leheneratzea, kostaldea basoberritzea eta uraren kudeaketa jasangarria. Mediterraneoko bost eskualde pilotutan egiten du hori: Valentziako Erkidegoa (Espainia), Split-Dalmazia (Kroazia), Beiras e Serra da Estrela (Portugal), Sardinia (Italia) eta Grezia.
Horietaz gain, Mediterraneoko beste hiru eskualdek bat egin dute ekimenarekin, klima-aldaketara egokitzeko prozesuari ekiteko: Proventza-Alpeak-Kosta Urdina eskualdea (Frantzia), Potenza (Italia) eta Zipre.
Hala, zortzi eskualde horiei laguntza ematen zaie klima-erresilientziaranzko eskualde-mailako eraldaketarako ibilbide-orriak definitzen, naturan oinarritutako soluzioak ardatz nagusia direla.
Klima-aldaketa gure garaiko erronka global garrantzitsuenetako bat da, eta gure gizarteari, osasunari eta ongizateari eragiten die. Oso konplexua denez, eraldaketa sistemiko bat eskatzen du, ingurumen-alderdiak ez ezik alderdi ekonomikoak, gobernantzakoak eta sozialak ere barnean hartuko dituena.
Naturan oinarritutako soluzioak klima-aldaketara egokitzeko modu bat dira; naturan, naturaren prozesuetan eta zerbitzu ekosistemikoetan hartzen dute inspirazioa erresilientzia klimatikoa handitzeko. Horretaz gain, ekonomia-, gizarte- eta ingurumen-onurak ere ekartzen dituzte epe luzera.
TECNALIAren eginkizuna
TECNALIAk eginkizun bikoitzarekin hartzen du parte ekimenean. Alde batetik, ezagutza sortzen du, zeharka, arlo hauetan:
- Klima-arriskuen profila eskualde-mailan ebaluatzea
- Egokitzapen-premiak lehenestea
- Soluzio-zorroa definitzen laguntzea
- Klima-aldaketara nola egokitu diseinatzea lurralde-plangintzako tresna formalen ikuspegian oinarrituta
Bestetik, TECNALIA Valentziako Erkidegoko erakuslearen inguruko eskualdeko klusterreko kide da, eta klima-aldaketako agertokietan baso-suteak kudeatzeko soluzio naturalen eraginkortasuna ebaluatzen du.
Klima-aldaketara egokitzea eta naturan oinarritutako soluzioak
Garapen ekonomiko txikiena duten Europako eskualdeetako bat da Mediterraneoa, eta besteetan baino neurri handiagoan jasaten ditu klima-aldaketaren ondorio kaltegarriak. Bero-boladak, lehorteak, baso-suteak, muturreko prezipitazioek eragindako uholdeak, luiziak eta itsas mailaren igoera izaten dira ohikoenak. Horregatik, klima-erresilientzia lortzeko mota guztietako soluzio naturalak behar dira Mediterraneoan.
Egoera horren aurrean, TECNALIAk lankidetzan dihardu Mediterraneoko Europako zortzi eskualdetako hainbat erakunderekin (administrazio publikoak, enpresak, unibertsitateak, zentro zientifiko-teknologikoak eta tokiko komunitateak, besteak beste), Mediterraneoan klima-erresilientziaranzko eraldaketa bultzatzeko.
Erakunde horiek DesirMED Europako ekimenaren esparruan dihardute elkarlanean. Ekimenak, zeina eskualde Egokitzapenerako Europako Misioak sustatzen baitu, helburu nagusia du Mediterraneoko eskualdeen eta komunitateen ezagutza eta gaitasunak indartzea, beren klima-erresilientzia handitzeko behar dituzten naturan oinarritutako soluzioak ezartzeko lidergoa har dezaten. Ekimenak, halaber, ez du arriskuan jarriko haien garapen ekonomikoa, eta gizartearen aldetik bidezkoa den eraldaketa bat lehenetsiko du.
Eskualde-mailan funtsezkoak diren hainbat erakunde maila anitzeko gobernantza-esparru batean inplikatzen dituenez, epe luzerako eskualdeko klima-erresilientzia handitzeko behar diren ekintzak abiarazten eta bizkortzen dituen katalizatzailea da ekimena.
Inpaktu soziala
DesirMEDek aktiboki inplikatzen ditu tokiko komunitateak proiektuen plangintzan eta gauzatzean. Gainera, ingurumen-sentsibilizazioa eta -hezkuntza sustatzen ditu, epe luzerako jasangarritasuna bermatze aldera.
Halaber, NBEren Garapen Jasangarriko Helburuak betetzen laguntzen du, bereziki 13. helburua (Klimaren aldeko ekintza) eta 15. helburua (Lurreko ekosistemen bizitza). Era berean, proiektua bat dator EBren Biodibertsitate Estrategiarekin eta Klima Aldaketara Egokitzeko Estrategiarekin.
Proiektuak ikerketako eta berrikuntzako Horizon Europe programaren finantzaketa jaso du, 101112972 zenbakiko dirulaguntza-hitzarmenaren bidez.