“Administrazio publikoei eta enpresei erresilientzia klimatikoa areagotzeko laguntzeko definitu genuen estrategia bat dator batzordeak identifikatutako lerro nagusiekin"
Klima Aldaketara Egokitzeko Europako Estrategia Berria, argitaratu berria, Europako gizarteak eta lurraldeak 2050. urterako erresilientzia klimatikoaren alde egindako apustu garbia da. Efrén Feliu TECNALIAn Klima Aldaketara Egokitzeko arduradun denak adierazi duenez, “Duela urte batzuk, estrategia bat definitu genuen administrazio publikoei eta enpresei erresilientzia klimatikoa areagotzen laguntzeko, eta oso pozik gaude ikusita harekin bat datozela Europako Estrategia Berrian batzordeak identifikatutako lerro nagusiak: egokitzapen adimendun, sistemiko, bizkor eta nazioartekoa”
Ibilbide luzea egin dugu arrisku klimatikoa analizatzeko eta kudeatzeko metodologiak eta tresnak garatzen, eta nazioarteko punta-puntako ekimenetan parte hartzen dugu, hala nola Copernicusen Klima Aldaketako Zerbitzuan. Alor horretan egiten ditugun lanek lehen ardatzarekin, egokitzapen adimendunarekin, egiten dute bat, egokitzeaz dakigunaren mugak zabaltzen dituzten neurrien bidez; neurri horiei esker, klimari lotutako arriskuei eta galerei buruzko datu gehiago eta hobeak biltzen eta eskaintzen dira, informazioan oinarritutako erabakiak hartu ahal izateko.
Teknologia-transferentziak
Arrakastaz transferitzen dugu teknologia administrazioetara zein enpresetara, eta haiek erresilientzia klimatikoaren irizpideak politika publikoetan eta enpresa-estrategietan txertatzen dituzte (adibidez, hiri-plangintzan eta -garapenean, lurralde-antolamenduan, azpiegituretan, energia eta deskarbonizazioan). Gure bazkideak eta bezeroak dira, besteak beste, San Salvador, Londres, Milan, Hanburgo, Madril, Valentzia, Málaga, Bilbo, Donostia eta Gasteiz hiriak; Andaluzia, Galizia, Nafarroa eta EAE eskualdeak; BID eta CAF garapen-bankuak, eta Espainiako utility gailenak.
Bigarren ardatzarekin, egokitze-neurri sistemikoen garapenarekin, bat egiten dugu, eta halaber klima-aldaketaren aurrean erresiliente izateko neurriak sektore-politikaren alor eta lurralde-eskala guztietan sartzearekin.
Klima Aldaketara Egokitzeko Europako Estrategia Berriak, hirugarrenik, egokitzapen bizkorragoaren alde egiten du; sinergiak optimizatzen ditu hondamendien arriskua murriztuz, murrizketa hori hainbat mekanismo eta tresnaren bidez azeleratuta eta hedatuta (erregulazioa, pizgarriak, finantziazioa eta inbertsioak, aseguruak, etab.). Alde horretatik, ezagutza garatuz laguntzen dugu funtsezko tresnetan (adibidez, ESPON edo Europako Lurralde Behatokian), eta naturan oinarritutako soluzioak garatzen ditugu inguru eraikiak eta azpiegiturak klima-aldaketara egokitzeko, estrategia oinarri hartuta.
Informazio gehiago
- Nabarmentzekoa da erakunde behatzailea garela Nazio Batuen Klima Aldaketari buruzko Konbentzioaren (UNFCCC) Alderdien Konferentzian (COP) eta nazioarteko beste erakunde batzuetan (adibidez, Klimarako Funts Berdean eta CTCNn).
- Proiektu aktiboak ditugu Latinoamerikan, bai klimarekin eta hiri-garapenarekin erlazionatutakoak, bai sektore hidroelektrikokoak, OLADErekin eta beste erakunde batzuekin. Jarduera horiek Estrategia Berriaren laugarren ardatzarekin bat datoz: nazioarteko ekintza klimatikoa, lankidetza eta Europaren lidergoaren sustapena areagotzea naturan oinarritutako soluzioetan, zerbitzu klimatikoetan, climate-proofing edo egokitzapen klimatikoan eta antzeko alorretan.