Berria

Suteetako segurtasunaren laborategiak fatxadetan eskala handiko saiakuntzak egiteko ahalmen handiagoak ditu

2021ko maiatzaren 26a
Vista general muestra de ensayos NFPA 285

Saiakuntzen NFPA 285 arau estatubatuarrarekin ere akreditatu gara

AEBn erreferentzia den NFPA 285 arauak osagai erregaiak dituzten fatxadetan sua nola zabaltzen den ikusteko saiakuntza- eta ebaluazio-metodoa zehazten du. Gainera, Ekialde Ertaineko merkaturako ere balio du, Arabiar Emirerrietako UAE Fire and Life Safety Code tokiko araudia betetzeko modu bat baita.

2018an, eskala handiko suarekin fatxadetan saiakuntzak egiteko laborategia jarri genuen martxan. Lehenengo fasean, erreferentziako BS 8414 eta BR 135 arau britainiarrekin eta AS 5113 arau australiarrarekin akreditatu ginen. Hiru urte geroago, fatxadetan sua nola zabaltzen den ikusteko saiakuntzen NFPA 285 arau estatubatuarrarekin ere akreditatu ginen.

Horrela, saiakuntza akreditatu hori egiteko ahalmena zuen Europako laborategi bakar bihurtu ginen: fabrikatzaileei aukera berriak eskaini genizkien nazioarteko merkatuetara iritsi ahal izateko.

NFPA 285, fatxadetan sua nola zabaltzen den ikusteko saiakuntza- eta ebaluazio-metodoa

Arauak ebaluazio-metodologia bat eta -irizpideak ematen ditu fatxadaren kanpoaldetik eta barrualdetik sua nola zabaltzen den baloratzeko, bai horizontalki eta bertikalki zabaltzen denean, bai fatxadaren geruza eta osagai erregaietan barrena zabaltzen denean, baita fatxada eta solairuak (edo aldameneko espazioekiko horma banatzaileak) elkartzen diren tokietatik zabaltzen denean ere.

NFPA 285 arauaren saiakuntza-bastidorea bi solairuko egitura bat da, eta bi areto ditu, gutxi gorabehera 3 m × 3 m × 2 m-koak (zabalera × sakonera × altuera); aurrealdean, 4,1 m × 5,5 m-ko saiakuntza-lagina jartzen zaio (zabalera × altuera), beheko solairuan leiho-formako irekidura bat duela.

Saiakuntza-metodoak irudikatzen duen sutea erabat garatua dago beheko solairuan (post-flashover egoera), leihotik irteten da, eta fatxada-sistema osoari eragiten dio. Suaren garapena simulatzeko, bi gas-erregailu erabiltzen dira: bat beheko solairuko aretoaren barruan jartzen da, eta bestea, berriz, leihoburuaren azpian.

Saiakuntzak 30 minutu irauten du, eta, tarte horretan, fatxadako toki eta geruza batzuetako tenperaturak kontrolatzen dira, eta zer ikusten den erregistratzen da, aztergai dugun fatxadak sutearen aurrean zer portaera izango duen ebaluatu ahal izateko.