«Naturan oinarritutako soluzioak hiri-plangintza eta -kudeaketan txertatzea lagungarria izango da hiriguneak birnaturalizatzeko»
Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundeak nazioarteko estandar global bat abiarazi du, zeinaren helburua baita hiriguneak birnaturalizatzea. Xede hori lortzeko, naturan oinarritutako soluzioak (NBS, Nature-based Solutions) aurreikusten ditu estandar horrek.
Gure adituek klima-aldaketara egokitzeko eginiko azterlan batean, estandar horren erabilera ebaluatu dute Mediterraneo eskualdeko 18 hiritan. Hori horrela, Naturan oinarritutako soluzioak planifikatzea eta txertatzea Mediterraneoko hirietan txostenak hainbat ebidentzia ematen ditu naturan oinarritutako soluzioen onurei buruz, eta soluzioak diseinatzeko eta egikaritzeko prozesuetan ikasitakoa jasotzen du.
Azterketa horretako hainbat ondorio lagungarriak izan dira Naturan oinarritutako soluzioetarako nazioarteko estandarra erakusteko, eta, hala, haren erabilera bultzatzeko. Azterketak adierazten duenez, beharrezkoak dira etengabeko hobekuntzak –bereziki, biodibertsitatea sistematikoki ebaluatzeari dagokionez– hirietako berdeguneak planifikatzeko eta kudeatzeko, birnaturalizatze-eskari sozialei erantzuteko, egokitze-kudeaketa txertatzeko eta, oro har, jarraipen-sistemak ezartzeko, haiei esker hobeto identifikatuko baita zer onura ekar ditzaketen naturan oinarritutako soluzioek hiri-inguruneetan.
Naturaren Kontserbaziorako Nazioarteko Erakundearen aburuz, nazioarteko estandarrak gidatuko ditu hiri-planifikatzaileak, enpresak eta gizarte zibila naturan oinarritutako soluzioak integratzearen onuren gaineko ebidentziak bistaratzeko bidean (izan onura horiek ekonomikoak, sozialak zein ingurumenekoak), hari esker bestelako urbanizazio-eredu bat, jasangarriagoa eta inklusiboagoa, lortzeko.
Naturan oinarritutako soluzioak eta zerbitzu ekosistemikoak
Hirietako berdeguneak eta ur-gorputzak ekosistema natural eta erdinaturalak dira, eta oinarrizko hainbat zerbitzu bermatzen dituzte, hala nola ur-hornidura, klima- eta uholde-erregulazioa, ura eta airea garbitzea, edo aisialdi-zerbitzuak.
Urtetik urtera areagotzen ari da ekosistemiko deitzen diegun zerbitzuon gaineko jakintza eta ulerkuntza, eta gero eta gehiago dakigu zer-nola txerta daitezkeen naturan oinarritutako soluzioak hiri-plangintzan eta -kudeaketan, hiriguneek aurrez aurre dituzten erronka larrietako hainbati heltzeko.