Berria
TECNALIAk 2030 zoriontsua opa dizue
Berria
“Maker” mugimendua eta fabrikatzaileak elkarlanean ari dira teknologia berrien bidez, eta, lankidetza horren ondorioz, bi alderdiei mesede egiten dien berrikuntza-jokaleku berri bat sortzen ari da; hartan, nazioarteko zenbait paradigma industrial hausten ari dira
Jokaleku sozial, ekonomiko eta produktiboa aldatzen ari dira une honetan; krisiaren eraginez, neurri handi batean, baina baita sektore guztietan teknologiak asko erabiltzen direlako ere (hardwarea, softwarea, Internet). Eta, egoera horretan, orain arte landu gabeko lankidetza-bideak sortzen ari dira.
“OpenMaker” proiektua da horren froga. Nazioarteko proiektu guztiz berritzaile bat da. Haren filosofia lehentasun ekonomikoen eta sozialen arteko oreka bilatzea da, eta oreka hori ez da hartzen emaitza gisa soilik; aitzitik, aurretiazko baldintza bihurtu da Europako gizarteen iraupenerako. Orain arte bereizita zeuden bi mundu elkartzea da asmoa: “maker” mugimendua eta fabrikazio-enpresak.
“Maker” mugimendua Estatu Batuetan sortu zen, orain dela hamarkada bat pasatxo, eta oso bizkor zabaldu da; gaur egun, ehunka azoka eta topaketaren gaia da mundu osoan. DIY edo “egizu zerorrek”en oinordekoa da kultura hori, eta askotariko teknologiak baliatzen ditu: mikroprozesadoreak, arduinoak, droneak, 3D inprimaketa, hardware librea eta abar. Hau da, kostua merkatuz gaitasun berriak sortzeko behar den eta ekonomikoki erabilgarria den guztia, gaitasun horiek era irekiagoan eta estandarragoan egiteko eta etorkizunean haiei beste erabilera batzuk emateko.
Bestalde, manufaktura-industriak urte gogorrak pasatu ditu, krisia dela eta. Eta, oraingo egoeran, beharrezkoa da berrikuntza —produktuetan zein zerbitzuetan—, eta Industria 4.0k ezartzen du zer bide egin behar den lehiakideen gainetik nabarmentzeko.
Bi errealitate horien aurrean, nola uztartu daitezke batzuen Open Source filosofia eta patente eta teknologia itxiagoen industria tradizionala? Badute elkarrekin lan egiteko modurik? Zer egin daiteke bi munduak elkarlanean aritu daitezen eta biek nazioartean onurak izan ditzaten? Funtsean, nola lot daitezke Industria 4.0 eta berrikuntza irekia?
Galdera horiei erantzuteko, “OpenMaker” egin da, Horizon 2020 esparruaren barruan eta Europar Batasunak bermatuta. Ekimen horren buruan, Ingalaterrako The Young Foundation fundazioa dago, berrikuntza sozialean espezializatua, eta beste enpresa batzuek hartzen dute parte, hala nola hauek: Tecnalia (Espainia); Plus Value (Italia), eredu finantzario berrietarako erakundea; IMT (Italia), ikerketa aurreratuko Luccako Institutua; LAMA (Italia), garapen- eta lankidetza-agentzia; TOPIX (Italia) eta la Boğaziçi University (Turkia), Interneteko zirkulazioan adituak; Centire (Eslovakia), pneumatikoen ikerketa-zentroa; Zurich University (Suitza), eta gizarte-laguntzako Accord taldea (Ingalaterra).
Open Maker-en, lau jarduera-puntu (LES) ezarri dira, Europan; zehazki, Italian, Espainian, Eslovakian eta Erresuma Batuan. LES (Local Enabling Space) horiek zentro aktiboak izango dira, “maker” komunitatea dinamizatzeko jarduerak egiteko, manufaktura-enpresen beharrak identifikatzeko, eta fabrikazio-ekosistema ireki bat sortzen parte hartzen duten eragile guztien ikuspegiak partekatzeko.
Halaber, LES horietako bakoitzak fabrikazio irekiko 5 prototipo garatzeko finantzazioa izango du; prototipo horiek manufaktura-enpresen benetako beharren soluzioak izan behar dute, eta sari ekonomikoa emango zaie garatzeko (20.000 €/proiektu).
“Maker”, industria eta beste eragile batzuek osatutako komunitate hori lanean hasi da: ideiak, beharrak, lankidetza-formulei eta etorkizuneko lanen emaitzei buruzko eztabaidak, ideia-lehiaketa batean nola parte hartu, eta abar.
Espainiako LESek, Tecnaliak koordinatuta, aurkezpen-jardunaldi bat egin zuen Bilbon, joan den ekainaren 28an, Enpresa Digitalarekin batera. Jardunaldi horretan, 70 profesional baino gehiago elkartu ziren, interes berarekin: beste eragile batzuk ezagutzea, produktu edo prozesu produktiboetarako berrikuntza irekiko lankidetzako loturak egiteko.
Beste bi aurkezpen-jardunaldi ere egingo dira, irailaren 25ean eta 26an, Gipuzkoako eta Arabako teknologia-parkeetan. Horiek ere Enpresa Digitalak antolatu ditu.
Aurkezpen-jardunaldi horiek osatzeko, komunitate horrentzat interesgarriak diren beste topaketa batzuk ere egingo dira. Taldea haziz joango da elkarlaneko eta kosorkuntzako esparru batean; adibidez, “Open maker” munduan jabetza intelektual eta industrialak dituen erronkak, legezko gaien hitzarmenak, etab.
Komunitate horretan parte hartzeko, elkartearen webguneko inprimaki bat bete behar da.