Berria

Tetramax berrikuntza digitaleko Europako zentroak TECNALIAko ikertzaileak saritu ditu bloke-kateetan egindako aurrerapenengatik

2021ko martxoaren 2a
El centro europeo de innovación digital premia a investigadores de TECNALIA por sus avances en Blockchain

Paneuropar erakundeak berrikuntza sustatzen du teknologia eta soluzio digital berriak bilatzen dituzten ETE-etarako

Tetramax berrikuntza digitaleko Europako zentroak saritu egin du Maite Álvarez, Iván Gutiérrez, Daniel Landa eta Conchi Cortések osatutako ikertaldea, energia fotovoltaikoa erosteko akordioetara bideratutako CLEC blockchain teknologian egindako lanagatik.

CLEC sistemak komunikazio-fluxu seguru bat eskaintzen du; sentsoreen bidez jasotako datuak hodeira bidaltzen dira. Hodeiak, berriz, datuekin erlazionatutako kontratu-klausulak egiaztatzen dituen eta TECNALIAk ezarri duen bloke-kate batera bidaltzen ditu datuok. Klausularen bat urratzen bada, alerta bat sortzen da; alerten kanalean izena emana duten guztiek jasotzen dute, eta administratzaile batek kontsultatu dezake.

Blockchain edo bloke-kateen teknologia berriaren oinarria gertaera digitalen erregistro bat da, non gertaera guztiak berdin eguneratzen baitira nodo guztietan; informazioaren jatorria, osotasuna eta eskuragarritasuna bermatzen du bi aldeentzat, eta horixe da gaur egun dauden eragozpen nagusietako bat.

Bloke-kate teknologiaren erabilerak

Europan saritu duten TECNALIAko lantaldeak ibilbide luzea du zibersegurtasunean. Alor askotako proiektuak garatu ditu: azpiegitura kritikoen segurtasuna, identitateen kudeaketa, txip kriptografikoak, ukipenik gabeko teknologiak, etab. Taldeak lortu du, besteak beste, datu medikoak babestea, energia berriztagarrien jatorria bermatzea eta herritarren pribatutasuna areagotzea.

Óscar Lage TECNALIAko Zibersegurtasuna eta Blockchain alorraren arduradunaren arabera, "gaur egungo testuinguruan, nabarmena da gero eta konektatuago dauden sistemetako datuen subiranotasuna eta pribatutasuna lortu behar dela. Filtraziorik gabe informazioa partekatzea eta haren osotasuna bermatzea da, zalantzarik gabe, gizarte gisa dugun erronka handia. Erregistro banatuen eta sistema kriptografiko berritzaileen konbinazioari esker, ateak ireki ahal izango dira hainbat alorretan, hala nola harreman komertzialetan eta adimen artifizialean”.

Informazio gehiago

Daniel Landa Informatikako goi-mailako ingeniaria eta teknologo seniorra da, eta esperientzia du bloke-kateen teknologian, eskuragarritasun handiko hodeiko aplikazioetan, mugikortasuneko ordainketa-sistemetan eta multimedia-aktiboen kudeatzaileetan; haren arabera, “halako proiektuak zailak dira, industriaren funtzionamendua eraldatzen ari garelako. Azterketa batek, ordea, adierazten du bide onean goazela”.

Iván Gutiérrez, bestalde, kriptografiaren eta zibersegurtasunaren zale sutsua da. Hyperledger, EEA eta Alastria erakundeekin lan egiten du, haien ahalmenak hobetzeko; ikerketa-proiektuetan parte hartzen du; teknologia zabaltzen du irakaskuntzaren eta hitzaldien bidez; eta, bere ustez, “aurrerapen teknologiko bat aintzatesteak ikertzen jarraitzera animatzen du”.

TECNALIA duela hiru urte hasi zen lanean bloke-kateekin. Hogei enpresatan baino gehiagotan ezarri ditu teknologia horrekin erlazionatutako ekimenak, eta era guztietako transakzioetan trukatzen diren datuen osotasunari eta segurtasunari buruzko hamar proiektu bultzatu ditu.