Berria

Trakzio-sistema berria Audiren ibilgailu elektrikoen belaunaldi berrirako

2021ko abenduaren 9a
Nuevo sistema de tracción para vehículos eléctricos

Ibilgailu arinagoak, energetikoki efizienteagoak, emisio gutxiagokoak, dinamikoagoak eta seguruagoak

TECNALIAk ibilgailuaren biki digital bat asmatu du; hari esker, garatze-fasea bizkortu eta probak egin ahal izango dira soluzioak ibilgailuan bertan fisikoki inplementatu aurretik. Biki digitala edukitzeak, gainera, aukera emango du paraleloan lan egiteko zenbait modelo oso konplexuetan eta, hala, denboraren % 15 aurrezteko.

Azken helburua hau da: ibilgailu arinago bat lortzea, energetikoki efizienteagoa, emisio gutxiagokoa, dinamikoagoa eta seguruagoa izango dena, potentzia banaketa-sistema berritzaileari esker, autonomia % 11 handituko duena. Hala, gidatze-baldintza guztietan segurtasuna bermatuko duen trakzio-kontroleko sistema bat asmatzea da erronka.

Ibilgailuaren arkitektura berria

TECNALIA ACHILES ekimenean dihardu lanean, Audi eta Continental enpresekin elkarlanean, besteak beste. Gure zentroa ibilgailuaren arkitektura berriaz arduratzen da, bai eta teknologiak garatzeaz ere. Audik, berriz, ibilgailu elektrikoen prototipoen belaunaldi berri batean inplementatuko ditu teknologia horiek; adibidez, Q2 modeloaren bertsioan. Modelo berri horretan, aurreikusten da txasis bat eta lau berrikuntza hauek izango dituen trakzio-sistema bat garatzea:

1.- Balaztatze elektrikoko sistema: mantentze txikiagoa behar du, arinagoa da eta partikula gutxiago isurtzen du.

2.- Aurreko gurpiletan motor bana duen propultsio-sistema: hari esker, bidaiari-lekua handitu daiteke, eta ibilgailuaren dinamika hobetu.

3.- Algoritmo berritzailea, gurpiletako motor berriak kontrolatu eta potentzia bien artean banatzeko, energia-efizientzia hobetzeko eta ibilgailuaren autonomia handitzeko.

4.- Kontrol-plataforma bat, teknologia guztiak zentralizatuko dituena gailu-kopurua txikiagotzeko eta, ondorioz, pisua murrizteko.

Audi eta TECNALIAz gainera, honako hauek ere hartzen dute parte proiektuan: Vrije Universiteit Brussel (erakunde koordinatzaile gisa), Ikerlan, Fraunhofer Gesellschaft, Continental (harena da balazta-sistema berritzailea), Elaphe eta TTTech.

Ibilgailu elektrikoa: mugikortasun-hautabideak

Ibilgailu elektrikoa mundu-mailan emisioak murrizteko mugikortasun-alternatibetako bat da. Dena den, horretan erabiltzen diren teknologiek ibilbide luzea egin dezakete oraindik beren prestazioak hobetzen; izan ere, motor konbentzionalen garapenetatik eratorritako arkitekturetan oinarrituta daude, nolabait, eskaintzen dituzten konponbideak.

Gaur egun, fabrikatzaileek hau egiten dute, funtsean: errekuntza-motorra kendu eta, haren ordez, motor elektrikoa eta bateria jartzen dituzte, eta ez dute kontuan hartzen motor elektrikoak trakzio-sistemetarako (propultsioa eta ibilgailua balaztatzea) eskaintzen dituen modulartasun-onura handiak.

Hala, jada ez da ezinbestekoa motor zentral bakar bat besterik ez erabiltzea, orain arte bezala; aitzitik, beste zenbait konfigurazio erabil daitezke: adibidez, motorrak gurpiletan jartzea, bakoitzak ibilgailuaren ardatz bat mugitzeko; edo bi motor jartzea, bata aurrean eta bestea atzean, askotariko potentzia- eta efizientzia-mailak sortzeko.