Berria

Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetatik plastikoa berreskuratzeko teknologia garatzen ari gara

2021ko uztailaren 12a
closewee

Helburua material birziklatuei bizitza berria ematea da, balio erantsia duten erabileren bidez. Halaber, tresna eraginkorrak eskaini nahi dira material arriskutsuak eta baliotsuak lokalizatu eta sailkatuta biltzeko

Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak iturri zaila dira. Hainbat materialetako elementuak egoten dira haietan, balio handiko baliabideak, eta proportzio nabarmenean; esate baterako, aluminioa, papera, beira, metal ez-burdinazkoak, kartoia eta plastikoak.

Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinei buruzko Europako zuzentarauarekin bat, hondakin horietan dauden lehengai sekundarioak birziklatu eta berreskuratu egin behar dira. Tresna elektriko eta elektronikoen hondakinak birziklatzeari dagokionez, plastikoen kantitate handi bat ezin da birziklatze-prozesuan zehar berreskuratu, konposatu arriskutsuak daudelako; adibidez, sugar-atzeratzaile bromodunak.

Tresna elektriko eta elektronikoetan dauden plastikoen pisua % 15 zela kalkulatu zuten 1980an. Ehuneko hori % 20ra arte handiagotu zen 20 urte igaro zirenerako.

CLOSEWEE ekimenean, elkarren artean lotuta dauden hiru ikerketa- eta berrikuntza-arlo bateratu dira, ekipo elektriko eta elektronikoetan (EEE) material polimerikoak eta lehengai kritikoak erabiltzen direnean hobeto eta efizientziaz birziklatzeko.

  1. Tresna elektriko eta elektronikoak efizientziaz eta eraginkortasunez desmuntatzea funtsezkoa da kalitate on-oneko material-zatiak lortzeko, materialak bereizteko eta osagaiak eta piezak berrerabiltzeko. Horrelako tresnak desegiten dituzten enpresetarako informazio-sistema bat garatu da, berrerabil daitezkeen piezak eta osagaiak hein txikiagoan suntsitzeko, tresnen desegite-maila orain baino sakonagoa eta ekonomikoki bideragarriagoa izan dadin.
  2. Baliabideak erabiltzeko soluzio berritzaile eta efizienteak garatzen gabiltza, tresna elektriko eta elektronikoen hondakinetako kalitate on-oneko plastikoen zirkulua ixteko. Tresna elektriko eta elektroniko berrien kasuan, oraindik birziklatzeko sistemarik ez duten plastiko baliotsuen berreskuratze aurreratua bideratzea da asmoa eta, ondoren, sugar-atzeratzaile halogenodunak baztertu eta, horien ordez, halogenorik gabeko sugar-atzeratzaileak erabiltzea. Horixe izan da TECNALIAren lanaren ardatz nagusia; zehazki, Building Technologieseko SUSPOL taldearena.
  3. Litio-ioien bateriak hobeto birziklatzeko lanean ari gara, kobaltoaren berreskuratze-tasak handiagotuz eta horrelako bateriak osatzen dituen lehengai kritikoa (grafitoa) berreskuratzeko teknologia bat ikertuz. Tresna elektriko eta elektronikoak birziklatzeko katearen etapetan egindako berrikuntza teknologiko horiek osatze aldera, beste bide hauek ere martxan daude: tresna elektriko eta elektroniko berrietatik berreskuratutako polimero-zatiak nola berrerabili ikertu; produktuak diseinatzeko neurriak definitu birziklatze-ekosistema optimizatu bat lortzeko; eta EBko politika berdeekin lotuta dauden diseinatze-irizpideak ezarri.

Informazio gehiago

CLOSEWEE proiektuaren finantzazioa Europar Batasuneko Horizon 2020 (H2020) ikerketa- eta berrikuntza-programatik dator.