Berria

Zubien egiturazko osasuna monitorizatzen dihardugu Txilen, IDIEMekin elkarlanean

2021ko uztailaren 16a
MOP infraestructuras

Txileko Herri Lan Ministerioak azpiegituren arloan planteatutako erronkari erantzuten dio ekimenak

Gaur egun, Txileko Herri Lan Ministerioak (MOP) bere azpiegiturekin lotutako erronka berriei aurre egin behar die. Krisi sanitarioaren osteko susperraldia dela-eta, bere eraginkortasuna nabarmen handitu beharko du ministerioak, lurraldean baliabideak mobilizatzeko duen ahalmena maximizatzeko. Halaber, joera globalak adierazten du suspertze-prozesuak era jasangarrian egin beharko direla gizartearen zein ingurumenaren ikuspegietatik.

Hori dela eta, joan den urrian, MOPek erronka bat abiarazi zuen Azpiegitura Sarea Kontserbatzeko Eredua ezartzeko, adimen artifiziala txertatzen duten eredu prediktiboetan oinarrituta; horren bidez, goiz detektatu ahal izango dira monitorizatutako zubien egitura-egoerari lotutako arriskuak. Sareko esku-hartzeak kritikotasunaren arabera lehenetsita kudeatzea lortu nahi da. Mantentze-lanak aurrerapen handiagoz eta narriaduraren fase goiztiarretan planifikatu ahal izango dira; horrek kontserbazio-kostuak txikiagotzea ekarriko du, eta, aldi berean, azpiegituraren segurtasuna handituko du. Erronka horretako zubiak Lakuen Eskualdean daude, Txileko hegoaldean, planetan sismikotasun handiena duen guneetako batean.

Bide Zuzendaritzaren esku daude orain arte egin diren instrumentazio-proiektuen bidez lortutako datuak eta emaitzak, unean unekoak zein jarraituak. Datu horietan oinarrituta zubiak kontserbatzeko programa bat sortzea da erronka.

Informazio gehiago

IDIEM Txileko Egitura eta Materialen Ikerketa, Garapen eta Berrikuntzarako Zentroa da.

Informazio-teknologien bidez integratzen ditugu azpiegituren, aktiboen kudeaketaren eta egituren monitorizazioaren eta diagnostikoaren sektoreetako gure esperientziak. Halaber, MOParen beharretara egokituta dagoen zubietarako kontserbazio-eredu prediktibo erreplikagarri eta eskalagarri bat garatzen ari gara prototipo mailan: dagoen informazioa erabiltzen du, analisi adimendun eta berritzaile baten bidez, eta hainbat zerbitzu, API eta datu-base antolatzen ditu.

Hauek dira lantaldeko kideak: IDIEMetik, Guillermo Sierra, Lenart Gonzalez, Isidora Baeza, Daniela Arellano eta Ricardo Flores; eta TECNALIAren Azpiegitura Adimendun eta Erresilienteen Plataformatik, Jesús Isoird, David García-Sánchez, Diego Zamora eta Ana Fernández-Navamuel del Olmo.