Prentsa-oharra

Europako 12 eskualdetan klima-aldaketara egokitzea

2023ko martxoaren 7a
Adaptación al cambio climático en 12 regiones europeas

TECNALIA Europako 12 eskualdetan klima-aldaketara egokitzeko prozesua bizkortzeko Regions4Climate ekimenaren partaide da

  • Euskal zentro teknologikoak Regions4Climate ekimenean parte hartzen du, Klima Aldaketara Egokitzeko Misioaren esparruan, zeinak Europako Itun Berdea betetzen laguntzen baitu.
  • EAE eskualde-erresilientziaren hiru erakusleetako bat da, eta, beste biekin batera, Europako beste eskualde batzuen ikaskuntzaren bultzagarria da.
  • TECNALIAk teknikoki koordinatzen du proiektuko eskualde guztien zaurgarritasunaren eta arriskuaren analisia. Era berean, eskualde-klusterretako bat gidatzen du egokitzapen klimatikoan integratzeko soluzio eskalagarri, transferigarri eta errentagarriak ezarri, probatu eta erreplikatzeko prozesuan, klima-aldaketaren inpaktuekiko eskualde-erresilientzia hobetzeko helburuarekin.

2023ko martxoaren 3a. Klima-aldaketara egokitzea Europaren 2030erako helburu nagusietako bat da. Klima-aldaketaren gorakadaren aurrean, EBk tokiko gizarte-berrikuntza berriak ikertzea eta aplikatzea ahalbidetzen du, horien bidez gure erresilientzia edo suspertze-gaitasuna bizkortzeko.

Testuinguru horretan, TECNALIAk Regions4Climate ekimenean parte hartzen du, Europako Batzordearen Klima Aldaketara Egokitzeko Misioaren esparruan, zeina Europako Itun Berdea betetzen laguntzen ari baita. Hala, zentro teknologikoak, Europar Batasunaren ekimen giltzarri horrek lagunduta, parte hartzen du eskualde-erresilientziaren lehenengo erakusleetako batean.

Ekimenean Europako 12 eskualdek hartzen dute parte. Beren erresilientzia-planak eta egokitzapen eraldatzailerako bideak garatzen eta probatzen dituzte, mugaz gaindiko lankidetzaren eta ezagutza-trukearen bultzadarekin. Haien artean dago EAE, zeinak Europako beste eskualde batzuen ikaskuntza bultzatuko duen erakusle gisa jardungo baitu.

Txingudiko badiaren birnaturalizazioa

Zehazki, euskal proiektu pilotua Txingudiko badiaren birnaturalizazioari buruzkoa da, eta Eusko Jaurlaritzako Natura Ondarearen Zuzendaritzak gidatzen du. Helburutzat du kostaldearen erresilientzia areagotzea klima-aldaketako gertakarien aurrean, eta, horretarako, tokiko eragileen gobernantza-maila eta inplikazio handia ditu. Beste helburu bat transferigarritasuna da. Horretarako, lurraldea antolatzeko eta hiria garatzeko tresnetan oinarritutako esku-hartze esparru bat definitzen du.

TECNALIAk klima-arriskuaren azterketa gidatzen du, eta proiektuan parte hartzen duten eskualdeetan ezarritako neurrien eraginkortasuna monitorizatuko du. Zentro teknologikoak laguntza teknikoa emango du, halaber, lurralde-antolamenduko eta hiri-plangintzako osagaietan, bai eta euskal erakusleari dagokion kostaldeko alerta goiztiarreko eta meteorologia-monitorizazioko sistemetan ere. Gainera, eskualdeei laguntzeko duen zereginetik abiatuta, osagai berritzaileak, transferigarriak eta eredugarriak identifikatuko ditu, eta, gainera, euskal eskualdeari lagunduko dio bere egokitzapen-misio propioa definitzen.

Regions4Climate proiektuko partzuergoaren euskal ordezkaritzaren buruak Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila eta Ihobe – Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa dira, eta, haiekin batera, TECNALIA, AZTI eta Zabala zentro teknologikoak. Beren esperientzia zabaletik abiatuta, Europako beste eskualde batzuei lagunduko diete, arrisku klimatikoen konplexutasuna hobeto uler dezaten eta erreferentziazko beste eskualde batzuetatik ikasitakoa aplika dezaten.

Regions4Climateri buruz.

Regions4Climate ekimena Finlandiako VTT Ikerketa Teknikoko Zentroak koordinatzen du eta Europako 13 herrialdetako 44 kide biltzen ditu. Parisko Akordioarekin eta Europako Itun Berdearekin bat etorriz, haren helburua da klima-aldaketari begira gizartearen erresilientzia hobetuko duten berrikuntzak erakustea.

Pertsonek pertsonentzat sortutako sektorearteko estrategietan oinarrituta, proiektuko kideek irtenbide sozialak, teknologikoak, digitalak, enpresarialak, gobernantzakoak eta ingurumenekoak garatuko eta aplikatuko dituzte elkarlanean, haien bidez klima-inpaktuetara egokitzeko gaitasuna sendotzeko eta zaurgarritasuna minimizatzeko. Proiektu honek Europar Batasuneko Horizonte Europa ikerketa- eta berrikuntza-programaren finantzaketa jaso du 101093873 zenbakiko dirulaguntza-akordioaren bidez.

TECNALIAri buruz

TECNALIA ikerketa aplikatuko eta garapen teknologikoko zentro bat da, Espainiako handiena, erreferentziakoa Europa osoan eta Basque Research and Technology Alliance aliantzako kidea. Enpresekin eta erakundeekin lankidetzan aritzen da, lehiakortasuna eta pertsonen bizi-kalitatea hobetu ditzaten eta era jasangarrian haz daitezen, eta teknologiarekiko pasioa duten eta gizarte hobe bat eraikitzeko konprometituak dauden pertsonei esker lortzen du hori.

Hauek dira jarduera-eremu nagusiak: Eraldaketa digitala, fabrikazio adimenduna, trantsizio energetikoa, mugikortasun jasangarria, hiri-ekosistema, osasun pertsonalizatua eta ekonomia zirkularra.