Berria

AA eta hiriaren biki digitalak hiria eraldatzeko

2023ko azaroaren 29a
City Digital Twin

“AA erabakiak hartzen laguntzeko tresna bat da, eta hiri jasangarriagoa, erresilienteagoa eta inklusiboagoa lortzen laguntzen du”

Hiriak ingurune konplexuak dira, zeinetan adimen artifizialak eta biki digitalek hiria modu positiboan eraldatzeko erabakiak hartzen lagundu baitezakete

TECNALIAko Hiri, Lurralde eta Ingurumeneko taldea adimen artifiziala aplikatzen ari da datu-bolumen handiak informazio erabilgarri bilakatzeko; izan ere, informazio hori lagungarria izango da hiriaren eraldaketa eta kudeaketaren ingurune konplexuan erabaki hobeak hartzeko.

Helburua da hiriek ingurune dinamiko eta aldakorretan duten portaeraren eredu bat egitea, hiriaren biki digital deiturikoen bidez. Hori lortzeko, zenbakizko simulazio klasikoa, analitika deskriptiboa, teknika prediktiboak eta irizpide anitzeko optimizazio-teknikak erabiltzen dira, besteak beste.

AAren eta biki digitalen aplikazioak

Soluzio horiek aplika daitezke, adibidez, hiriko irisgarritasun-instalazioen kokapena optimizatzeko edo airearen kalitate-egoerak soft sensing bidez simulatzeko. Era berean, modelizazioak aukera ematen du lurrazaleko airearen tenperatura estimatzeko, eta, horrela, hiriko bero-uharteak kudeatzeko, edo, obra-lizentzien datu historikoetan oinarrituta, obrek eta bestek espazio publikoan izango duten eragina aurreikusteko.

Informazio horrek guztiak hiri-kudeaketaren eta -plangintzaren arduradunei erabaki informatuak eta ebidentzietan oinarritutakoak hartzen laguntzen die.

Adimen artifizial esplikagarria, gardentasuna eta konfiantza bultzatzeko

AAren erronketako bat da ematen dituen emaitzak azaldu ahal izatea, era horretan hiri eta lurraldeen kudeaketa eta plangintza publikoaren esparruan erabakiak hartu ahal izateko. Hori dela eta, gure garapen guztietan algoritmo guztiak “esplikagarriak” izan daitezela eskatzen dugu. Zenbait hirik, hala nola Helsinkik eta Amsterdamek, algoritmoen erregistro publikoak sortu dituzte, haiei esker gardentasuna bultzatzeko eta herritarrek konfiantza izan dezaten algoritmo horietan oinarritzen diren erabakietan.

Ildo horretan, beharrezkoa da hiriek datu-estrategia sendoa izatea, AAk arlo horretan duen potentziala aprobetxatu ahal izateko. Era berean, beharrezkoa da zeharkako gobernantza berri bat, datuak modu efizientean, integratuan eta seguruan erabili ahal izateko, eta, aldi berean, pribatutasuna bermatzeko.

Hiri jasangarriagoak, erresilienteagoak eta inklusiboagoak

Duela gutxi, Patricia Molina TECNALIAko Hiri, Lurralde eta Ingurumeneko zuzendariak Smart City Expo World Congress-eko Transforming cities through AI saioan parte hartu du. Kongresu hori da mundu mailako hiri-berrikuntzari buruzko ekitaldirik garrantzitsuena.

Patriciak hitzaldian dioen moduan, “erabakiak hartzen laguntzeko tresna gisa ulertzen dugu AA; izan ere, erabaki arinagoak, efizienteagoak eta ebidentzietan oinarritutakoak hartzeko aukera ematen du. Baina, halaber, garrantzitsua da kontuan hartzea abiapuntuko datuek izan ditzaketen alborapenak, bai eta algoritmoen egitura bera ere, era horretan hiri jasangarriago eta erresilienteago bat lortzen ez ezik, inklusiboagoa izan dadin ere lagundu dezaten bermatzeko”.